Lantzarteko aparkalekua inauguratu dute

Iker Rincon Moreno 2025eko abenduaren 18a

Parking berria.

Martitzen arrastian inauguratu zuten Berangoko Lantzarte auzoko aparkaleku berria. Proiektuak auzokide ugariren kontrakotasuna izan du hasiera-hasieratik, bai egitasmoa beragatik, bai berau aurrera eramateko prozesuagatik. Udalak herritarren iritziak jaso zituen parkingaren nondik norakoak zehazteko, eta inguruko auzokideek zalantzan jarri dute behin baino gehiagotan parte-hartze prozesu hori.

Zabaldutako ohar batean Udalak salatu duenez, astelehenean kendu zituzten hesiak, eta gune horretan landatutako zuhaitzak "bandalizatu" zituztela deitoratu du, "izan ere, zuhaitzei eusteko erabiltzen diren zurkaitzak kaltetu egin dira".

Ildo horretan, azpimarratu du "onargarria" dela jarduketa horregaz ados ez egotea, "nahiz eta herritar askok eskatu eta txalotu duten", sare sozialetako mezuan zabaldu duenez. 

Parkingaren kontra egin duen taldeetako bat da Lantzarte Bizirik auzokideen elkartea, eta horrek berak salatu du zelaiko zuhaitzen kontrako erasoa: "Zuhaitzen kontrako eraso guztiak gaitzesten ditugu. Bai landatu berrien aurka, bai abuztuan parking antidemokratiko eta antiekologista hau eraikitzeko Udalak moztu zituenen aurka"

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun