Elkarteak azaldu duenez, isunak 2025eko abuztuaren 4ko protestagaz daude lotuta, egun hartan, herritar talde bat Lantzarteko gune berdean abiatu zituzten lanak geldiarazten saiatu baitzen. Deitzaileen arabera, ordutik "presio giroa" handitu egin da, eta azken asteetan jaso dituzte isunen jakinarazpenak: espedienteek 602 euroko zigorrak aurreikusten dituzte 17 herritarrentzako; guztira 10.200 eurotik gorako kopurua. Aitzitik, Lantzarte Bizirikeko kideek jakinarazi dute isun guztiak errekurritu dituztela, euren ustez ez dagoelako "desobedientzia, erresistentzia edo identifikatzeari uko egitearen zantzurik".
Udalak, bere aldetik, "errepresio" edo mendeku irakurketak baztertu ditu, eta adierazi du espedienteen tramitazioa eta aurkeztutako alegazioen balorazioa dagokion administrazioaren esku dagoela. Hala ere, auzokideek azpimarratu dute prozedura judizialak aurrera darraiela eta "herritar guztien diruarekin" ari direla defentsa juridikoa ordaintzen.
Egoera salatzen jarraitzeko asmoz, Lantzarte Bizirikek iragarri du auzoan ekimenak antolatzen jarraituko duela, eta, esaterako, ekainaren 5ean, Ingurumenaren Mundu Egunean hainbat jarduera egin zituzten, hala nola tailerrak, yoga saioa, meriendarako tartea, txalaparta eta landareen "adopzioa".