Hasiera batean, fiskaltzak 17 urteko espetxe-zigorra eskatu zuen akusatuetako birentzako, beste birentzako bina urtekoa eta azkenarentzat urte eta erdikoa. Azkenean, 2016ko apirilaren 26ko ikasle greban atxilotutako bost gazteen aurkako zigor-eskaera txikitu egin du eta ez dira espetxean sartuko. Orain, epaileak ebazten duenaren zain geratu dira bostak.
Epaiketa egiten ari zirela, dozenaka lagun bildu ziren Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean auzipetuei elkartasuna adierazi eta beraien askatasuna aldarrikatzeko. Ertzaintzak horietako sei identifikatu eta atxiki omen zituen irudiak grabatzeagatik.
Epaiketaren ostean, Ander Mazkiaran auzipetutako batek azpimarratu zuen "Leioako 5en" aurkako epaiketa "unibertsitate publikoak ikasle mugimenduaren kontrako" errepresioaren "beste kapitulu bat" dela eta mobilizazio batean parte hartzeagatik zigortu dituztela. "Estatu kapitalistak militantzia politikoa eta protestarako eskubidea modu errepresiboan zigortzen ditu, eta gobernu ustez aurrerakoiek ere errezeta errepresibo bera erabiltzen dute", salatu zuen.