Berria egunkariak argitaratu duenez, 2016ko apirilean EHUko Leioako campusean izandako ikasle-grebaren harira jazotako istiluetan atxilotutako bost gazteetatik biri lesio-delituak egozten dizkiete, eta horientzako 17 urteko zigor-eskaera egin du fiskaltzak. Hala, gainontzeko atxilotuei egin dizkieten eskaerak gehituta, guztira, 39,5 kartzela-urte eta 45.000 euroko kalte-ordaina eskatu dizkiete.
Besteak beste, EHUrentzat lanean ari zen Delta segurtasun-enpresak jarri zuen salaketa gazteen aurka, langile bat jotzea leporatuta. Gainera, EHU ere akusazio partikular gisa ari da parte hartzen gazteen aurka, eragindako kale materialengatik kalte-ordain ekonomikoa eskatuz.
2016ko apirilaren 26an, EHUko errektore berria aukeratzeko bozketa-egunean, ikasle-mugimenduak manifestazioa deitu zuen Leioako campusean, "Ikasle borrokaz, geurea eraiki" goiburuagaz. Mobilizazioek eragin zitzaketen egoeren aurrean, Iñaki Goiricelaya orduko errektoreak "segurtasun neurri zorrotzak" iragarri zituen, "bozketa eskubidea bermatzeko", eta Ertzaintzako hainbat agente bertaratu ziren Leioako campusera.
Ehunka ikaslek bat egin zuten mobilizaziogaz, baina hori hasi eta gutxira Ertzaintza manifestarien aurka oldartu zen eta hainbat zauritu eragin eta bost ikasle atxilotu zituen. Leioako campuseko Ikasle Abertzaleak orduan salatu zuenez, "manifestazioa errektoretzan sartzean campuseko segurtasun pribatua ikasleak jipoitzen hasi eta, berehala, campusean sartzeko agindua eman zion UPVk Ertzaintzari". Halaber, EHUko agintariek salatu zuten hainbat gazte "indarrez" sartu zirela errektoretzara eta zinpeko zaindari bat jo zutela.
Erantzun "errepresiboa"
Orduko gertakizunengatik auzipetutakoetako bat da Ander Mazkiaran, eta Berria egunkariari azaldu dionez, orduan ikasle mugimenduan ematen ari zen proiektu propioa garatzeko ekimenen aurkako erantzun "errepresiboa" izan zen EHUren partez. Hain zuzen ere, 2016ko apirilean egindako ikasleen mobilizazioen aurkako "errepresio" horretan "EHUk zeukan erantzukizuna", Mazkiaranen ustez.
Mazkiaranen ustez, arestian aipatutako zigor-eskaerak "beldurra eragiteko helburu politikoa dute; belaunaldi berriek militatzeko duten grina hori apaltzekoa. Ohartarazpen bat da: gehiegi mobilizatzen badira edo antolakuntzaren bidez unibertsitatearen izaera kapitalista agerian uzten badute, zigor bat jasoko dute".
Auzipetuei laguntzeko kanpaina
Bost gazte auzipetuei eskatzen dizkieten isun ekonomikoei aurre egiteko asmoz, dirua biltzeko kanpaina abiatu dute. Oraingoz, jendeak oso ondo erantzun duela azaldu du Mazkiaranek, baina "epaiketan ateratzen denaren arabera" diru gehiago biltzen jarraitu beharko dutela iragarri du. Gaineratu duenez, herriak auzia "modu kolektibo batean" ulertzeari garrantzia eman gura diote: "Atxilotua beste edozein izan zitekeen; modu arbitrarioan egin zituzten atxiloketak. Beste edozein mobilizazio edo eragile izan zitekeen. Beraz, uste dugu garrantzitsua dela kasu honetan mobilizatzea, eta kontsentsu handi moduko bat sortzea".
Halaber, mobilizazioak egingo dituztela ere iragarri dute, lehena hilaren 16an, 18:00etan Altsasuko herriko plazan.