Fiskaltzak EHUko Zuzenbide fakultateko irakaslearen mezuak ikertzeko eskatu dio Ertzaintzari

Ander Zarraga 2024ko urr. 15a, 09:39

Hainbat ikaslek protesta egin zuten irakasle ohiaren adierazpenak salatu eta kanporatzeko eskatzeko.

Fiskaltzak tramitera onartu du EHUk aurkeztutako salaketa, eta Ertzaintzari eskatu dio sare sozialetan iruzkin faxistak, arrazistak eta matxistak zabaldu zituen irakasleren kasua iker dezala, gorroto deliturik egon ote den argitzeko. EHUk aurreikusi du hurrengo astean amaitzea irakaslea hezkuntzatik baztertzeko prozedura.   

Irailaren amaieran, hainbat ikaslek protestak eta elkarretaratzeak egin zituzten sare sozialetan mezu "arrazistak, klasistak, matxistak eta misoginoak" zabaldu zituen Zuzenbide Fakultateko irakasle baten aurka. Ikasle-talde batek irailaren 27an egindako protesten eraginez, irakaslea campuseko segurtasun-langileek lagunduta atera behar izan zen Zuzenbide Fakultatetik. Egun batzuetara, hainbat ikaslek protesta egin zuten irakaslearen mezuak gaitzesteko, hori "berehala" kanporatzeko exijitzeko eta EHUren jarrera kritikatzeko.

Gertatutakoaren harira, unibertsitateko Berdintasun Zuzendaritzak genero-indarkerien aurkako protokoloan ezarritako prozedura abiatuko zuela adierazi zuen eta irakasleari eskolak behin-behinean eten zizkioten, harik eta prozesua amaitu arte. EHUtik iragarri zuten hurrengo astean espero dutela prozedura administratiboa amaitzea. Halaber, unibertsitateak irakasle ohiaren adierazpenak arbuiatu zituzten, eta adierazi zuten horiek "euskal unibertsitate publikoaren printzipio eta balioekin erabat bateraezinak" direla.

Sareetako iruzkinak kritikatzeaz gain, EHUk salaketa ere jarri du eta irakasle ohiaren iruzkinak Gipuzkoako Fiskaltzari helarazi zizkion, bertan bizi baita gizonezkoa. Azken informazioen arabera, fiskaltzak tramitera onartu du kasu eta diligentziak zabaldu dituzte. Gehienez, sei hilabete izango dituzte ikertzeko eta epaitegian salaketa penala egingo dioten erabakitzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun