Amorruz hartu dute Astrabuduko hilketa

Iker Rincon Moreno 2015ko urr. 7a, 11:28

"Nazkatuta gaude! Erailketa gehiagorik ez!" oihukatu zuten atzo Astrabuduan.

Dozenaka gizon-emakumek egin zuten manifestazio zaratatsua atzo, martitzena, Erandioko Emakumeen Elkarte Soziokulturalak eta Txoko Feministak egindako deialdiari erantzunez. Lehenik eta behin, aurreko egunean Mezo kaleko etxebizitza batean hilik agertutako 39 urteko andre bilbotarraren senide eta lagunei elkartasuna adierazi zieten. Horren ostean, argi utzi zuten emakumezkoa "bere bikotekideak eraila" izan zela. Emakumeen Mundu Martxak utzitako arrastoari jarraiki, "emakume guztiak libre izan arte, geldiko ez" direla adierazi zuten; "autodefentsa feminista" praktikan jartzera deitu zuten. Mundu Martxaren protokoloari jarraiki gaur herrietan egingo dituzte kontzentrazioak. Besteak beste, Algortan, 19:30ean egingo dute, Telletxe plazan; 20:00etan, Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia plazan.

Atzo, 13:00etan, Bilboko udaletxearen parean izandako kontzentrazioan ez ezik, Astrabuduko manifestazio zaratatsuan ere parte hartu zuten Joseba Goikouria alkate erandioztarrak eta bertoko talde politikoetako ordezkariek.

Hain zuzen ere, goizean adierazpen bat onartu zuen Erandioko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak, talde denen babesagaz. "Emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean isilik ez geratzeko eta ez onartzeko" eskatu zieten alderdiek herritarrei. "Indarkeria matxista egoera deitoragarri baten ondorioz emakumea tragikoki" hil dutela gaitzetsi zuten. Era berean, atsekabea azaldu zuen Bozeramaileen Batzordeak, eta gertakari ulergaitza dela esan zuen. Halaber, elkartasuna adierazi zieten biktimaren gertukoei.

"Emakumeen aurkako erasoak segurtasun fisikoaren eta moralaren kontrako erasoak dira, eta baita emakumeen duintasunaren aurkako erasoak ere. Ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina da, eta salatu egin behar da, ez onartuz, isilik ez geratuz eta biktimei babesa emanez", erantsi zuten.

Gertaerak

Astrabuduko Mezo kaleko etxebizitza batean aurkitu zuten herenegun, astelehena, 39 urteko emakume bilbotar baten gorpua, indarkeria zantzu argiakaz. Senideek domekan aurkeztu zuten andrea desagertu izanaren salaketa. Horren arabera, zapatu arrastitik falta zen etxetik. Hain justu, bilatzeari ekin diotenean aurkitu zuten emakumezkoaren gorpua.

Hilotza topatu ostean, bikotekidearen bila hasi zen Ertzaintza, hilketaren susmagarri nagusia zelakoan; gizonezkoa gorpua agertutako etxean bizi da, bere amagaz. 38 urteko astrabuduarra astelehenean bertan atxilotu zuten, arrastian, Leioako Unbe mendiko Akarlanda parkean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun