Kalezuloko gazteek protesta egin dute Erandioko udal bilkuran

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 5a, 12:22

Urtarrilaren 18an, dozena pare bat lagunek protesta-elkarretaratzea egin zuten erandioko gazte bien kontrako epaiketa salatzeko.

Iragan urtarrilaren 28ko osoko bilkurara hurbildu ziren Kalezulo gaztetxeko hainbat kide, eraikin autogestionatuaren egoeraren berri ematera, eta, bereziki, aurreko egunetan Udalak adierazitakoari erantzuteko. Izan ere, Erandioko Gazte Asanbladak Udal Gobernuari leporatu zion urte hasieran herriko gazte biren aurkako auziaren eta gaztetxea ixteko saiakera baten atzean egotea. Ostera, Udalak gezurtatu egin zituen baieztapen horiek, HIRUKAri igorritako bost puntuko komunikatu labur batez. Horren harira, gaztetxeko kideek aitortu dute salaketa ez duela Udalak jarri, baizik eta "eraikinaren ondasunak kudeatzen dituen gestorak", baina "Udalaren presio eta eskakizunen ondorioz" izan dela gaineratu dute.

Udalak esan gaztetxearen kontra ez dagoela esan arren, eta gauzak "ondo" egitearen alde dagoela, gazteen ustez "administrazio horrek ez du interesik zein errespeturik izan, eta, ondorioz, gazteon proposamenek ez dute ganorazko erantzunik jaso inoiz".

Gainerako puntuen harira, jakinarazi dute lau urteotan ez dutela jaso inolako proposamenik, eta Udalak ez duela "erreferentziazko" eredu zein aukerarik bultzatu, nahiz eta Udalak adierazi eurakaz lan egiteko prest dagoela. Jarrera "prebentiboari" lotuta, gainera, galdera bota dute gazteek: "prebentiboa da udaltzainek gaztetxearekiko egindako lekuz kanpoko jarraipena?". Azkenik, gaztetxearen proiektua "erreala eta beharrezkoa" dutela iragartzeaz gainera, Udalagaz batera gatazkaren muinaren gainean lan egiteko prestasuna agertu dute Kalezuloko kideek.

Kalezulo gaztetxeko kideek osoko bilkuran irakurritako oharra

Udalbatza areto honetan Kalezulo gaztetxearen aldeko hainbeste pertsona elkartu gara. Gure helburua, gaztetxearen egoeraren berri ematea eta bereziki, Udalak adierazitakoari erantzuna ematea da. Nahiko batu gara, baina askoz gehiago izango ginateke Udalbatzaren osoko bilkura jendartearen parte hartzerako egokiagoa den ordutegi batean ospatuko bazen.

Jakingo duzuenez, Kalezulo huste arriskuan dago, Otsailaren 15ean ospatuko den epaiketaren ondorioz. Gainera, bi dira auziperatuak dauden herriko gazteak, udalaren erabakiagatik. Hau salatzeko, urtarrilaren 10ean prentsaurreko bat eman genuen. Honen ondorioz, hainbat izan dira publikoki egindako adierazpenak: prentsaurrekoaren ostean HIRUKA argitaratutako udal-komunikatua, Eh Bilduk eta Ganemos Erandiok aurkeztutako idazkia, Facebook bidez PNV-ren komunikatua eta baita, Hirigintza saileko delegatuak El Corre egunkariari egindako adierazpenak. Guk Udalak berak emititutako bost puntuei erreferentzia egingo diegu. Hala ere, gurekin zuzenean harremanetan jarri ez izana salatzeko aukera aprobetxatzen dugu.

Lehenengo puntuari dagokionez, bi dira agerian geratzen diren gaiak. Alde batetik, gaztetxearen ustea ekarri dezakeen epaiketaren oinarrian dagoen salaketa. Eta bestetik, udaletxeak gaztetxearekiko hartutako neurriak.

HIRUKA-ri igorritako udal-komunikatuan aitortzen den bezala, salaketa ez du udaletxeak jarri. Jakin badakigu. Horrek ez du esan nahi, jabeak berak jarri duenik. Ezta udaletxeak ez duela inolako esku hartzerik izan. Salaketa, eraikinaren ondasunak kudeatzen dituen gestorak jarri baitu, udaletxearen presio eta eskakizunen ondorioz.  Horrela, aurretik mahai gaineratutakora heltzen gara, udaletxeak hartutako neurrietara hain zuzen.  Ukaezina da, udaletxeak gaztetxearekiko neurriak hartu izan dituela. Ez bereziki horren aldekoak. Salaketa emateko presioak alde batera utzita, askoz gehiago dira azpimarragarriak: jarraipenak, identifikazioak, jarrera oldarkorrak eta baita nahitaezko komunikazio eza ere. Berezi aipagarria egiten zaigu, gure bi kideak auziperatzeko udalak daukan erantzukizuna. Akusazioaren identifikazio eskaerari, era arbitrario eta kontzientean izen hauek erraztu baitizkio. Nahiz eta lau urteko jarraipen polizialaren ondorioz, gaztetxearen “auzian” identifikazioak ugariak izan. Zer dela eta bi kide hauek?

Bigarren puntuari dagokionez, aunitz dira aurkezten zaizkigun galderak eta zalantzak, udala gaztetxearen kontra ez dagoela, jarrera suntsitzailerik hartu ez duela eta gauzak ondo egitearen alde dagoela argudiatzen baitu.

Honekiko esan beharra dago, ugariak izan direla Erandioko hainbat eta hainbat gazteek udalari aurkezturiko proposamen berri, beharrezko zein onuragarriak azken hamarkadan zehar, gaztetxea barne. Administrazio honek ez du hauekiko interesik zein errespeturik izan eta ondorioz, gazteon proposamenek ez dute ganorazko erantzunik jaso inoiz. Honen ondorio argia gaztetxea bera izanik, gazteok okupatutako eraikin abandonatuan aurrera eramaten den proiektua. Udala Kalezuloren aurka ez egoteak, alde dagoela esan nahi du? Espero baietz, herriak behar eta merezi duelako. Baina orain arte, ez dugu jaso aldekotasun horren seinale nabarmenik. Eta jarrera suntsitzailerik ez izateak, jarrera eraikitzailea suposatzen du? Honetan ere ez da kasua eman. Hala ere, jarrera eraikitzaile hori espero dugu.

Azkenik, udala “gauzak” ondo egitearen alde aurkezten zaigu, administrazio laiko batean beharrezkoa ez den bedeinkazio eta guzti.  Baimenak, lizentziak eta segurtasuna aipatzen ditu. Noiz agertu da udala gai hauetaz era eraikitzailean hitz egiteko prest? Epaiketa gainean dugunean? Gazteok, ganorazko politika publiko bat merezi dugu.

Hirugarren puntuari dagokionez, udalak orain jorratzen ari garen muinetako bat aipatzen du, gazteon aisialdia. Honen alde agertzen dela dio, baina inolako sakontasunik gabe. Zein da udalaren gazteontzako aisialdi eredua? Ba ahal dago gazte politikarik? Erandion izan dugun gazte aisialdi eredu bakarra, drogen inguruan mugitu izan da beti, taberna eta lonjetara mugatuz.  Eta ez da inoiz, udalaren aldetik erreferentziazko eredu zein aukerarik bultzatu. Are gehiago, gazteontzako aisialdi alternatiboa jorratu eta sortu izan dugunok, udalaren aldetik oztopoak besterik ez ditugu jaso. Baina aurrera egin dugu auzolanean, gazteon artean, Kalezulo erreferente bilakatuz . Udalak gaztetxearen aurka epai eta administrazio neurriak hartu izan arren, 4.urteurrenaren harira Hirigintza, Etxebizitza, Obrak, Zerbitzuak Eta Ingurumen saileko delegatuak pasadan azaroaren 11an sinatutako idazkia kasu.

Laugarren puntuari dagokionez, udala gaztetxearekin batera lan egiteko prest azaltzen da, segurtasuna dela medio. Ados, baina berandu. Elkarrekin lan egiteko, lau urte luze izan ditugu eta gaztetxeak ez du inoiz elkarrekin lan egiteko proposamenik jaso. Gaztetxe kideok udal ordezkariekin izan dugun harreman bakarra, gu identifikatzen gintuzten udaltzaingoekin izan baita. Elkarlanarekin bezala, segurtasunarekin bera gertatu da. Gu izan gara lau urte hauetan zehar, gure segurtasunaz arduratu garen bakarrak, gu baikara gure ongizatearen alde egingo dugun lehenengoak. Auzolanean eraikinaren baldintzak hobetzera ekin diogu denbora luze honetan. Orain, eraikinak segurtasun baldintzak betetzen ez dituela da argudio nagusietako bat. Eta orain dela lau urtetik ona, ez ahal da egon pertsonen segurtasuna kolokan? Honek erakusten du administrazio honen benetako aurpegia, pertsonen segurtasunaren ustezko arriskua tresna politiko gisa erabiliz. Horrela, udalaren benetako helburu politikoa agerian utziz, gaztetxearekin bukatzea.

Bosgarren puntuari dagokionez, zer esan… Udalak herriarekiko begirunea izan beharko luke, jakin badakigulako, udalak bezain argi, adierazpen hauek gezur hutsa direla. Aurretik aipatu bezala, gazteok egindako proposamenak ugariak izan dira baina udalaren erantzuna beti berdina, ezezkoa. Hitzetatik harago ere, Kalezuloko eraikina okupatu baina bi urte lehenago, udalarena zen CIP zaharra okupatu zuten zenbait gaztek. Honetan ere, harremana izan genuen udal ordezkaritza bakarra udaltzaingo izan zen. Horrela, agerikoa da esaldia aldrebes osatu beharko litzatekeela: Udala ez da inoiz gazteokin harremanetan jarri hirigintza eta ingurumen arautegira moldatzen den espazio pribatu edo publikoa bilatzeko.

Puntu honi amaiera borobila emateko, metafora goxo batera joko dugu. Ganorazko tarta guztiak bere ginda daukaten lez, udalaren adierazpen honek ez du berea jartzeko aukera galdu.  Neurriak errepresiboak ez ezik, prebentiboak direnaren adierazpenaz ari gara. Agian, desadostasuna semantikoa izan daiteke, prebentzioaz eta errepresioaz eduki dezakegun kontzeptu ezberdinengatik. Baina orain lau urte udaltzainak kasko, ezkutu, txaleko eta borrak eskuan izanda uste ilegal bat gauzatzea prebentiboa da? Lau urte hauetan udaltzainek gaztetxearekiko egindako lekuz kanpoko jarraipena prebentiboa da? Bi gazte argudio gabe arduradun gisa auziperatzea prebentiboa da? Eta gaur gu hemen  adierazpen hauek ematen egotea, politika prebentiboaren ondorioa da?

Honegatik guztiagatik, hurrengoa adierazten dugu:

  • Duela lau urte hemen bertan adierazi genuen bezala, gaztetxearen proiektua guztiz erreala eta beharrezkoa daukagula. Momentu hartan landatutako hazia jada sustrai sendoak garatu ditu Erandion eta hau elikatzen jarraituko dugu.
  • Lau urte hauetan udalak izandako jarrera ezin da bi astetan eta pare bat idazkirekin konpondu. Gazteok, gure autua egin genuen, elkarlanean eta autogestioan izugarrizko bidea egin dugu, honetaz eta honekin ahaldunduz. Hala ere, prest gaude udalarekin batera, zintzotasunez eta gatazkaren muinaren gainean lan egiteko.
  • Orain erabiltzen gauden eraikinak bi irtenbide ditu. Lur-sail huts batean bihurtzea, urrutiko fondo putre batek espekulazioaren bidez etekina noiz ateratzea itxaroten egoteko, edo, gazteon aisialdirako espazio libre eta erreferentea izaten jarraitzea. Parte hartzailea, euskalduna, integratzailea, feminista eta kritikoa. Kalezulo gaztetxea izaten jarraitzea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun