Lutxanako trenaren proba-epea abendura arte luzatuko du Euskotrenek

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 11a, 15:55

Lutxanako tren-geltokia.

Euskotrenek lehenengo erabakia hartu du Lutxana-Lezama lineako Lutxana eta Sondika arteko ibilbidearen inguruan: gutxienez Gabonetara arte luzatu egingo du geraleku horien arteko tren-zerbitzua, hasieran pentsatutakoa baino hilabete bi gehiago. Garraio-enpresak joan den apirilaren 8an abiatu zuen probaldia eta iragarri zuen hilabete biren ostean lehenengo balorazio bat hartuko zuela. Emaitza oso kaskarren ezean, zerbitzua urrira arte mantenduko zuela agindu zuen orduan.

Lutxanako geltokira arteko zerbitzua duela urte bi ipini zuten martxan, eta trena Lezamako trenaren linean metroko 3. linea egokitzeko lanek iraun zuten bitartean ibili zen. Lanak bukatuta, Euskotren garraio-enpresak aurreikusita zeukan Lutxanako behin-behineko tren-zerbitzua etetea, Erandioren eta Txorierriren arteko garraioa Bilbotik ere erraz egin daitekeelakoan. Halere, linea hori mantentzea erabaki zuten, erabileraren gaineko azterketa bat egiteko proba-egoeran bada ere. Izan ere, aurretik Erandioko Udalak eskatu zuen linea zabalik mantentzea eta Euskotreneko Langileen Batzordeak eta Txorierriko zenbait udalerrik kontu bera egin zuten.

Halandaze, datorren hileotan zerbitzuak segituko du, baina litekeena maiztasunak eta tren-kopurua erabiltzaileen beharrizanetara egokitzea, linearen efizientzia eta errentagarritasuna bermatzeko. Gainera, Euskotrenek trenak ahalik eta oztopo gutxien sortzea gura du, Txorierrin zenbait trenbide-pasagunetatik igarotzen delako.

Azkenik, 2018an Lutxana eta Sondika arteko ibilbidea baztertuko balute, ez litzateke Lutxanako trena itxi den aldi bakarra. 1975ean zerbitzua eten zen, trenbideko egoera txarra zela-eta. Trena 1980an inauguratu zen berriro, baina 1997an bigarren aldiz kendu zen, bidaiari gutxi zegoelako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun