Udaletxe aurrean elkarretaratzea egin dute Erandioko kiroldegietako grebalariek

Iker Rincon Moreno 2018ko mar. 22a, 17:28

Gaurko mobilizazioko une bat.

Bi Sport enpresako langileek 120 egun baino gehiago bete dituzte greba mugagabean. Hori dela eta, elkarretaratzea egin dute Erandioko udaletxeko plazan. Osoko bilkuran hitza hartzen ere ahalegindu dira, baina ez dute lortu.

Bi Sport enpresak Erandio eta Astrabuduko kiroldegietan kirol-jarduerak eta zerbitzuak eskaintzen ditu adjudikazio baten bitartez. Langileek lau hilabete baino gehiago daramatzate greba mugagabean, enpresagaz lan-baldintzak hobetzeko hitzarmen bat lortu nahian.

Hilabete honetan, kiroldegietako grebalariek oinezko martxa bi antolatu dituzte: joan den hilaren 4an, Astrabuduko Josu Murueta plazatik Bilboko Areatzara; eta hilaren 11n, Astrabudutik Altzagara, ehunka herritarrez inguratuta. Gainera, egunero elkartzen dira udaletxe aurrean, ordu erdiz.

Langileek herritarrei elkartasuna eskatu diete. Elkarretaratzean ahalik eta pertsona gehien batzeko eta “zarata egiteko” etxetik lapikoak eroateko dei egin diete herritarrei.

Gaurko mobilizazioaren argazki-galeria:

Erandioko kiroldegietako greba, martxoak 22

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun