Beharginen lan-baldintzak hobetzeko zentroko hitzarmen bat lortzeko greba abiatu zuten duela bost hilabete Erandioko eta Astrabuduko kiroldegietako Bi Sport enpresako langileek. Lanuztea mugagabea dela azaldu zuten bere garaian, "eta horrela jarraituko dugu gure helburua lortu arte", jakinarazi dute orain ere.
Beharginek salatu dutenez, enpresaren eta euren arteko negoziaketa "oso motela" izaten ari da. "Enpresak nahi duenean bakarrik izaten dugu bilera", deitoratu dute; azkenengoa joan den martxoaren 12an izan zen.
Enpresak bilera arteko denborak "luzatu eta luzatu" egiten dituela salatu dute grebalariek, "udaletxeak ezer egin ezin duela argudiatuta".
Egoera horren aurrean, erandioztarrei laguntza eskatu diete Bi Sport enpresako langileek. Elkartasun bila, auzokideek euren balkoietan lazo urdina eskegitzeko eskatu dute, "gurekin elkartasuna adierazteko eta aldi berean enpresari negoziatzeko eta Udalari inplikatzeko eskaera bezala". Horretarako, lazo urdinak banatuko dituzte egunotan herrian bertan eta inguruetan.