Beharginek eta sindikatuetako hainbat delegatuk, 50 bat pertsonak, elkarretaratzea egin zuten Irailaren 23a plazan, udaletxearen aurrean, euren lan-baldintzen eta zerbitzuaren kalitatearen alde daroaten borroka ezagutarazteko. Kontzentrazioa amaituta, alderdientzako idazkia sartu zuten erregistroan, Altzagako Herritarren Arreta Zerbitzua.
Loramendiko langileek oroitarazi dutenez, lau orduko lanuzteak egin dituzte egunero, joan den irailaren 17tik aurrera, garbiketako lantaldeagaz elkartasunean. Izan ere gatazka iaz berrartu zuten, 2017ko azaroan; orduan ireki zen lan-hitzarmenaren gaineko negoziazio-mahaia. Beharginen batzordeak aldarrikapen nagusi bi ezarri zituen: garbiketa-langile denei jardunaldi osoa onartzea eta opor-garaian geriatria-laguntzaile gehiago kontratatzea, oporrak hartzeko aukera zabaltzeko eta bizitza profesionala bizitza pribatuagaz errazago kontziliatzeko. Halere, ez zuten lortu hobekuntza horiek. ELA, LAB eta UGT sindikatuen babesa daukate.
Hamahiru langile daude garbiketa-taldean, sukaldea, garbitegia eta solairuetako garbiketa egiteko. Emakume horiek 15 urte daroate zatikako lanaldiagaz, eta hamar urte bete dira jardunaldia handitzea eskatzen hasi zirenetik, taldeak egoitzan horren beharra duela azalduta. Baina urte horietan "egoera konpondu ez" eta "are gehiago handitu dira garbiketa-taldearen gain erori diren egitekoak eta lan-zama", hala nola: areto berriak zabaldu dira, betebehar gehiago sortzen dituzten lanpostu soziosanitario berriak eratu dira eta eginkizun berriak egiten ere hasi dira, arropa markatzea legez. Halere, lan berri horiek ez dute ekarri jardunaldia handitzea. Bitartean, zatikako jardunaldia izateak hainbat arazo eragiten die beharginei, aldi baterako ezgaitasun-prestazioa kobratu ahal izateko zein erretiroa eskuratzeko. Bestalde, lan-erritmoa dela eta langileek pairatu dituzte hainbat osasun-kalte: ebakuntzak, gihar- eta hezur-arazoak eta estresa, besteak beste.
Sexismoa eta klasismoa
"Egoera hain larriaren aurrean eta negoziazioan pausorik ez zela ematen ikusita", aurtengo ekainean Loramendiko beharginek ekin zieten eguneroko lau orduko lanuzteei, enpresaren "immobilismoa" eta lan-baldintzak salatzeko. Halere, uztailean bertan behera utzi zuten presio-bide hori, "aldi baterako lanean zebiltzan gure lankideekiko erantzukizun-ariketa bat eginda, behargin finkoentzat udako garaia oporraldia hartzeko garaia delako eta ez genuen aldi baterako langileen sorbaldan grebaren pisua utzi, ondorio latzak ekarriko zizkielakoan". Irailean, ohiko egoeran eguneroko lanuzteei ekin zieten berriro ere. Hilabete bat beranduago, kexu dira enpresak "arduragabe" jokatzen duelakoan; Sanitasek ez die eskakizunei erantzunik eman, beharginen arabera, "langileen batzordeak hainbat alternatiba eta egutegi aurkeztu" dituen arren.
Hala, grebalariek salatu dute prekarietatea ez ezik "bazterketa" ere ezarri diela enpresak: "Garbiketa-emakumeei bazterketa negozio-gizon batzuek egiten dietela azpimarratu gura dugu; irudi horrek asko argitzen du egoera honen atzean ezkutatzen diren sexismo eta klasismoa". Zahar egoitzako langile denak bat datoz horretan: "Prekarietateak emakume izena dauka, baina ez gaitzatela gutxietsi".
Negoziazio-mahaira, hegazkinez
Erika Bilbao LABeko kideak salatu duenez, langileen ordezkariakaz biltzera datozen enpresako arduradunak, Bartzelonatik datoz, Sanitasen zentraletik, abioiez. "Gehiago gastatzen dute joan-etorrietan, andre hauek kobratzen dutena baino!", nabarmendu du Bilbaok. Izan ere, Erandioko Loramendi zahar egoitzako zuzendaritzak "negoziatzeko daukan ahalmena zero da", bere esanetan.
Modu berean, beharginek salatu dituzte enpresak greba ezerezean uzteko erabili dituen tresnak: "Greban gauden langileen orduak ordezkatzen dituzte praktika-kontratu bidez diharduten langileen bidez, grebagaz bat egiten duen aldi baterako langileak zigortzen ditu...". Euren ustean, "horren guztiorren atzean enpresak langileen elkartasun eta batasunari dion beldurra besterik ez dago".
Gutxieneko zerbitzuak greban
Aparteko eztabaida dago langileen eta enpresaren artean greban ezarri diren gutxieneko zerbitzuen inguruan. Langileek arrazoitu dutenez, dekretuak jaso ditu %80ko gutxieneko zerbitzuak otorduetan eta altxatzeko uneetan eta %70koak bestelako orduetan. Halere, enpresak ezarri ditu beste kopuru batzuk: %90 eta 80koak, hurrenez hurren. Horretarako, orain dela urte bi eman zen zahar egoitzen sektore-greban oinarritu da.
Bestalde, beharginek akordura ekarri dute menpekotasun egoeran dauden pertsonengan zaintza-lanek daukaten garrantzia. Hala, ziurtatu dute "behar bezalako zerbitzu ona eskaintzako, langileen lan-baldintzak onak izan behar" dutela.
Grebalariak ziur daude egin dituzten eskaerak "logikoak, beharrezkoak, errealistak eta gauzagarriak" direla; halere, enpresak ez duela "mugitu gura" ikusita, Erandioko Udal Gobernuarengana eta alderdiengana jo dute, eurekaz batu eta Sanitasegaz bitartekaritza-lana egin dezaten eskatzeko.
Datozen egunotako mobilizazio-egitaraua
Urriak 21, domeka
- 17:00-18:00 Elkarretaratzea, Loramendi zahar egoitzan.
Urriak 22, astelehena
- 11:00-13:00 Informazio-gunea, Altzagako metro geltokiaren ondoan.
Urriak 23, martitzena
- 17:00-18:00 Elkarretaratzea, Loramendi zahar egoitzan.
Urriak 24, eguaztena
- 11:00 Elkarretaratzea, Bilboko Ugasko bidean Aldundiko Gizarte Ekintza Sailean.
Urriak 25, eguena
- 17:00-18:00 Elkarretaratzea, Loramendi zahar egoitzan.
Urriak 26, barikua
- 11:00-13:00 Informazio-gunea, Astrabuduko metro geltokiaren ondoan.
Urriak 28, domeka
- 17:00 Informazio-gunea, Loramendi zahar egoitzan.
Urriak 29, astelehena
- 11:00-13:00 Informazio-gunea, Aldundian (Bilbon).
Urriak 30, martitzena
- 10:00 Auto-karabana, Loramendi zahar egoitzatik.
Urriak 31, eguaztena
- 11:00-13:00 Informazio-gunea, Leioako Sakoneta kiroldegian.