Agirre agertu zen primarioetako lehiakideez (Arantzi Sarasola eta Imanol Eguskiza), gaur egungo zinegotziez (Ana Crespo, Isaias Valdivieso eta Iker Jalon) eta Endika Montes Bizkaiko batzarkideaz inguratuta, besteak beste. Jasotako konfiantza eskertu ondoren, bere jarrera azaldu zuen: "Esan didate gaur Erandioko alkategaiaren aurkezpena dela, baina niretzat gaur aurkeztuko duguna da herri honetako ezker independentista osatzen dugun emakumeon eta gizonon taldea. Ni beste bat gehiago baina ez naiz".
Argitu zuenez, ez zaio "erraza" egin alkategaia izateko erabakia hartzea: "Ardura handia da eta lasaitasunez pentsatu behar izan dut. Baina nork egin ahal dio uko lantalde honen parte izateari? Gazteen mugimendua, mugimendu feminista, eskubide sozialen borroka... Hemen benetako beharginak daude! Eurakaz bestelako eremutan lan egiteko aukera izan dut, eta esan dezaket harrigarria dela dauzkaten lan egiteko ahalmena eta konpromiso altruista. Sinetsita daude esaten eta egiten dutenetan. Eta hori sumatzen da", adierazi zuen.
"Leihoak eta ateak ireki behar ditugu"
Primarioetako bideoan egin legez, Agirrek garrantzia eman zion kaletarra izateari: "Egun hauetan esan dudan bezala, ni ez naiz politikari profesionala. Eta ez dut izateko asmorik! Kaleko mugimenduetatik, jendearekiko kontaktutik, egunerokotasunetik eta gure herriko errealitatea ikustetik etortzeak kontziente egiten gaitu, Erandion ditugun benetako beharren inguruan. Gu gara herri honetan gauzak beste modu batera egin daitezkeela erakutsiko dugunak!".
Hala, EH Bilduko alkategaiak zuzenduko duen lantaldearen ezaugarriak azaldu zituen: "Kontuak beste modu batez egiten hastea ahalbidetu duen jendea gara; Bagara haserretzen den jendea, esaten diotenean Tartanga oparitu egi dutela 400 etxebizitza egiteko. Herrian gaztetxe bat jaiotzean pozten direnak gara. Bagara erresumintzen garenak, alkateak eta enparauek kobratzen dutena ikustean. Mobilizazio , kultur ekimen eta aldarrikapen sozial bakoitzean daudenak gara: preso politikoen alde, Kataluniaren alde, pentsionisten alde, euskararen alde... EH Bildutik ez gatoz ezer agintzera. Eduki bako aginteak ez dira ezer, berritsukeria baino ez. Gure lana eta konpromisoa dira eskaintzen duguna".
Agirrek EAJrentzako berbak ere izan zituen: "Gobernatzen dutenek urte gehiegi daramatzate hor barruan euren lagunentzako kudeaketa egiten. Leihoak eta ateak ireki behar ditugu eta herritarren mesederako lan egin. Ilusioa eta gogoa baditugu. Ekin diezaiogun lanari!". Bide horretan, euren "uste osoa" auzokide denei helarazteko beharra nabarmendu zuen hautagaiak, "jendeari proposamen hurbil eta pozgarriak" egin beharko diotela iragartzeagaz batera.