Iñaki Agirre izango da Erandioko EH Bilduren alkategaia

Iker Rincon Moreno 2018ko aza. 19a, 12:59

Erandioko EH Bilduk Iñaki Agirre izango du zerrendaburu udal-hauteskundeetarako. Primarioetan hiru hautagai aurkeztu ziren, baina beste biak erretiratu dira, Agirreren alde egiten. Zapatuan aurkeztuko dute Agirre ofizialki.

Arantzi Sarasola LABeko zuzendaritza-kide ohia eta Imanol Eguskiza 2015eko udal-zerrendako bosgarrena dira euren hautagaitzak erretiratu eta Agirre alkategai izateko euren babesa adierazi diotenak.

Iñaki Agirrek azpimarratu duenez, "ez naiz politikari profesional bat eta ez daukat izateko asmorik". Udaletxera "haize berriak eroateko momentu ona" delakoan dago alkategaia. Bere lehenengo adierazpen publikoan, Agirrek azaldu ditu bere jatorria eta baita eroango duen ildoa ere: "Ni  elkartegintzatik eta auzo-mugimenduetatik, kaletik, nator eta uste dut formula horregaz egin beharko genukeela lan, jendea entzuten, jendeagaz egoten eta jendeagaz kontuak egiten. Pozik gaude EH Bilduk aurkeztu berri digun proiektuagaz. Halandaze, horretan egingo dugu behar, zuok guztiokaz, Erandio hobe bat egiteko, denontzat".

EH Bilduk iragarri du Iñaki Agirre alkategai gisa aurkeztuko duela, ofizialki, zapatu honetan, hilaren 24an, 13:00etan, Altzagako alkartetxean, San Jeronimo kaleko 16. zenbakian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun