Gaur goizean agertu da prentsaren aurrean Jorge González, Erandioko PSE-EEren alkategaia. Ekitaldian babesa adierazi diote Juan Otermin Bizkaiko batzarkideak, Maite Pérez eta Aitana López zinegotziek eta Carmen Díaz eta Juan Carlos Martínez Getxoko eta Leioako alkategaiek, besteak beste.
Gonzálezek 36 urte dauzka eta bizitza osoa eman du Erandion. Astrabuduarrak hamar urte daroatza militatzen alderdi sozialistan eta bigarren alkateordea ez ezik bada Berdintasun, Osasun Publikoa eta Kontsumoa arloetako arduraduna. Izan ere, gaur hainbatetan errepikatu du PSE-EEk baduela eskarmentua kudeaketan eta auzokideen bizitza hobetzen, alderdiak darabilen "Gobernatzen dakien ezkerra" goiburuagaz bat etorrita. Bestalde, Historian lizentziadunak pozik azaldu du aho bateko babesa izan duela udalerriko elkarte sozialista bietan, alkatetzara aurkezteko.
Gonzálezek proposatu du Erandio industriarentzako herri erakargarria bilakatzea, "ekintzaileak" gehiago eta denbora luzeagoan laguntzea, herriko dendak sustatzea, kalitatezko enplegua sortzea eta "fokua pertsonengan" ipintzea. Gogoratu duenez, PSE-EE ez da berria Erandion: "ezagutzen dugu herria, bere idiosinkrasia, arazoak eta zer politika egin behar dugun gure auzotarren bizitza hobetzeko". Bere ustean, azken hiru urte eta erdian behin eta berriro frogatu dute hori, EAJgaz osatutako Gobernu Taldearen barruan kudeatutako arloetan.
Esandakoaren adibide, agintaldi honetan bere alderdiaren esku egon diren arloetan egindako lana goraipatu du hautagaiak. Ildo horretan, nabarmendu du sozialistek zuzendutako alorrek baliabide gehiago eta bitarteko gehiago izan dituztela, eta azpimarratu du Gizarte Ekintzan egindako lana, genero-indarkeriaren biktimakaz, berdintasunaren alde edo kirol-instalazioetan.
Hautagaiak zerrendatu duenez, azken legealdian egin dituzte III. Berdintasun Planaren diagnostikoa eta plan bera, bultzatu dute ahalduntze-eskola eta diagnosi bat burutu dute Udaletxean bertan, Barne Berdintasun Plana egiteko. "Horregaz guztiagaz, esan gura dut badakigula gobernatzen ezkerreko ideologiagaz, pertsonengatik begiratzen duen sozialismoagaz". Erandioztarrei eskatu die atzera begira ipintzeko eta alderatzeko "duela lau urte kudeatzen genituen arloak nola zeuden eta gaur egun nola dauden ikusteko. Denetan hobeto gaude lehen baino", ziurtatu du.
Langabeziari aurre egin
Hala ere, Jorge Gonzalezek gogorarazi du Erandio dela langabezia-indize altuena duen Eskumaldeko udalerria: "Industriarentzat erakargarri bihurtu behar dugu, kalitatezko enpleguak dakartzan industria ekarri behar dugu, kalitatezko lanpostuakaz". Modu berean, aldarrikatu du ekintzaileak "are gehiago" lagundu behar dutela, "enpresa-proiektua eratu eta negozioa martxan ipini bezain laster alde batera utzi barik".
Enplegurako ez ezik, astrabuduarrak zenbait proposamen eta apustu aletu ditu. Hala, Udalerrian garrantzia daukaten merkataritza-gune handien aurrean, herriko dendak sustatzearen alde egin du. Modu berean, gazteen aisialdia hobetzearen alde agertu da, "bereziki Erandiogoikoa bezalako auzoetan". Auzo horrek aspaldi egin duen pediatria-zerbitzuaren aldarrikapena bere egin du. Gainera, bide berdeak sustatzeko konpromisoa hartu du, "herrian ditugun bideen errolda sortzeko egin den lana" baliatuta, eta "aparkaleku arazoa konpontzeko lanean jarraitzea" eskatu du, "neurri errealistak eta bideragarriak" planteatuta. Bestalde, bigarren alkateordeak kritikatu du gaur egungo egoera udalerriko kultur arloan: "kultura ez du izan behar enpresak kontratatzea" eta azpikontratazioen ordez defendatu du herriko elkarteak laguntzea, "denak, eta maila berean", baita herriko kultur eragileak, musika taldeak, artistak, idazleak eta abar ere, eta "horietako batzuk aspalditik ahanzturan dituztela" gogorarazi du. Herritarren partaidetza sustatzearen aldeko gogoa ere agertu du.
Gonzálezek adierazi duenez "ilusio handiz" hartu du herria gobernatzeko erronka: "Herritarrei entzuteko nago, arazoei erantzuna emateko, pertsonentzat lan egiteko, gure herriaren garapena helburu".
Sozialistak, 112 urte Erandion beharrean
Bestalde, Juan Otermin Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkari eta Astrabuduko elkarte sozialistako idazkari nagusiak adierazi duenez, "proiektu sozialista da jendearen bizitza hobera aldatzeko tresnarik onena, berdintasuna eta elkartasuna direlako guretzat oinarrizko balio ukaezinak". Oterminek gogora ekarri du Erandio, Ibaizabalen eskumako ibarrean egon arren, "herri langilea" dela eta antza handien Ezkerraldeko herriakaz duela. Langile izaera horrek zein etorkinek egindako ekarpenak eragin handia izan du proiektu sozialistan. Izan ere, gogora ekarri duenez, 1903an sortu zen Erandion Estatu espainiarreko Gazteria Sozialisten lehenengo taldea, Tomás Meabegaz. Alderdia urte batzuk beranduago heldu zen, eta daborduko 112 urte egin du udalerrian: "Mende bat baino gehiago daramagu lurralde honetan, eta beti izan gara askatasunaren eta pertsonen eskubideen aldeko borrokaren erreferentzia. Enpleguaren alde borrokatu gara beti; enpleguaren kalitateagatik, langileen segurtasunarengatik, lan-baldintzarik onenengatik, eta langileen alde egin dugu, Itsasadarraren industria handietako langileak defendatu ditugu ", adierazi du.
Gainera, azaldu duenez, "Gure historiak bermatzen gaitu eta gure iraganak laguntzen digu, baina hori ez da nahikoa, politikatik espero dena ez delako iragana kontatzen jakitea, etorkizunerako irtenbideak bilatzea baizik, etorkizunerako proiektuak izatea eta pertsonen egungo arazoak konpontzea. Etorkizuna behar dugu". Hala, sozialisten aldeko hautua egitea defendatu du Oterminek: "Badakigu gobernatzen herritar denak aurrera egin dezaten begiratuta, berdintasuna politikaren erdigunean ezarriz, balio unibertsala bezala, baina batez ere, gehien behar dutenaren eskubideak defendatzeko esperientziagaz". Oterminen aburuz, "historia nazionalistetatik urrun" ibiltzea da sozialisten bermea. Hala, kontuz ibiltzeko aholkatu zien herritarrei abertzaleek eta "zerua eraso egin behar zutenek ez engainatzeko".
Horien ordez, Jorge Gonzálezengana konfiantza ipintzera deitu zuen: "Komuneko kontuak ditugu Jorgek eta biok: ilusioa eta esperantza. Ez zaigu gustatzen ikusten duguna eta ez dugu etsitzen".