Loramendiko grebalariek akordioa lortu dute

Iker Rincon Moreno 2018ko abe. 6a, 09:50

Loramendiko garbiketa-taldearen langileak, greban, artxiboko irudian.

Erandioko Loramendi zahar-egoitzako langileak akordio batera heldu ziren atzo Sanitas taldeagaz. Itun berriak grebalarien urteetako aldarrikapen nagusiak jaso ditu. Hala, greba bertan behera utzi zuten beharginek.

Lan-gatazkak sei hilabete iraun du; azkenean, lortutako akordioak asebete ditu Loramendiko langileak, LABek jakinarazi duenez. Izan ere, hainbat urtez enpresari eskatu dizkioten baldintza nagusienak jaso ditu. Alde batetik, garbiketa-taldeko langileen lanaldi partzialak lanaldi osokoak bilakatuko dira eta beste aldetik, gerokultoreen familia-kontziliazioa hobetu da.

Sindikatuak gogorarazi duenez, "lan asko ekarri duten hilabeteak izan dira, enpresarekiko konfrontazioa eta ziurgabetasunez beteak, baina langileen ustean merezi izan du, erakutsi dutelako langile konprometitu, antolatu eta solidarioek bidezkotzat jotzen dutena lor dezaketela". Hala, beharginek euren poza erakutsi dute, lortutako akordioarengatik. Gainera, enpresa-batzordeak akordio hori posible egin duten langile denak zoriondu ditu. Modu berean, gatazkak iraun duen denboran jasotako babes denak eskertu dituzte. Grebalariek izan dute ELA, LAB eta UGT sindikatuen, Erandioko Udalaren eta udalerri horretako udal-talde denen babesa, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun