Udal-hauteskundeak 2019

Merkatari-elkarteentzako laguntzak bikoiztu gura ditu PPk

Unai Brea 2019ko mai. 20a, 16:20

Argazkia: ALTERIO FELINES

Erandioko merkataritza txikia sustatzearen alde agertu da Susana de Cos Alderdi Popularren alkategaia. Hala, hauteskundeak irabaztekotan diru-laguntzak handitu eta zenbait zerga ere diru publikoz ordainduko dituztela adierazi du De Cosek.

Hurbileko merkataritzaren etorkizuna zalantzazkoa dela uste du Susana de Cos hautagai popularrak, "kontsumitzaileen erosketa-ohitura berriak, merkataritza elektronikoaren gorakada eta on-line denak direla eta". Horregatik, Erandioko dendek bizirauteko eta gehiago zabaltzeko erraztasunak eman beharra dagoela adierazi du alkategaiak.

Ildo horretan, merkatari-elkarteentzako diru-laguntzak bikoizteko promesa egin du De Cosek. Modu berean, Obren gaineko Zerga, Irekitze-Lizentziarena eta Zabor Bilketarena ordaintzeko diru publikoa ipiniko duela iragarri du. Ez du argitu zerga horiek osorik ordainduko lituzkeen, edo zati bat.

Segurtasunaz ere berba egin du Susana de Cosek. Kaleetan polizia gehiago egoteko eta Astrabuduan Udaltzaingoaren azpi-komisaria bat zabaltzeko nahia azaldu du, besteak beste.

Enpleguari dagokionez, hura sustatzeko erakundeen eta sektore pribatuaren arteko lankidetzaren beharra azpimarratu du. Zehazki, Erandioko Udala, enpresak eta unibertsitatea batuko dituen egitura juridiko bat sortzeko proposatu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun