Udal-hauteskundeak 2019

Erandioko EH Bildu: "Gurea ez da proposamen-sorta hutsa, proiektu oso bat baizik"

Unai Brea 2019ko mai. 24a, 23:41

EH Bilduren hautagaitzaren aurkezpeneko irudia. © ERANDIOKO EH BILDU

Zer egiten den bezain garrantzitsua da Erandioko EH Bildurentzat egiten den hori zelan egiten den. Horregatik, herritarrek udal-erabakietan benetan parte hartzeko mekanismoak ipini gura dituzte, ohiturarik ezaren ondorioz horretarako zailtasun "estruktural" handiak daudela onartu arren. Bestalde, Espainiako Konstituzio Auzitegiaren erabakiz hauteskundeetara aurkeztu ezinik geratu den Ganemos Erandiori "elkartasun-adierazpen hutsetatik haragoko" babesa eskaintzeko asmoa agertu dute, haien proposamenak Udaletxera ailegatzea ahalbidetuz. 

"40 urte daramatza EAJk hemen gobernatzen eta honezkero finkatuta daude erabakiak hartzeko modu batzuk, bulegoetan hartzen dira erabakiok, eta ez dira beti erandioztarren interesen araberakoak", dio Arantzi Sarasolak, EH Bilduren zerrendako bigarrenak. Parte-hartzea ahalbidetuko dela esatea errazagoa da egitea baino, Sarasolak aitortzen duenez, ohituraren poderioz askotan herritarrok garelako parte-hartzeko aukerei uko egiten diegunak. "Bide luzea dago egiteko, baina horretarako prest gaude".

Mekanismo zehatzei dagokienez, Sarasolak dio herrigintzako mugimenduak dauden arloetako erabakiak mugimendu horiekaz kontrastatu beharra dagoela, udaletxe barruan egiten diren eztabaidakaz modu paraleloan. Bigarren bidea gai garrantzitsu batzuen gaineko herri-kontsultak egitea da (Tartangako inguruaren geroa aipatu du adibide modura Sarasolak). Hirugarrenik, Udaletxearen ohiko jarduerari dagozkion zenbait ohitura aldatzearen garrantzia aipatu du: osoko bilkurak eta batzordeen bilerak goizez egiten dira Erandion, eta esan barik doa horrek ez duela errazten herritar gehienak bertara joatea. 

Soldatak, feminismoa, aparkalekuak...

Programako proposamenen artean, alkatearen eta liberazioa duten zinegotzien soldatak berrikustea da EH  Bilduren lehentasunetako bat. "Hilean 5.000 eurotik gora jasotzen du alkateak eta uste dugu gehiegi dela, ezin da herritarren batez bestekoaren hain gainetik egon", Sarasolaren berbetan. Soldata hori erdira murriztea proposatzen du koalizio abertzaleak, honenbestez.

Udaleko erabaki denetan ikuspegi feminista txertatzea ere garrantzitsutzat du EH Bilduk. Indarkeria matxista jasaten duten emakumeakaz harreman zuzena duten udal-langileek formazio espezifikoa jasotzea gura dute, "ez orain txarto egiten ari direlako, eremu horretan etengabeko formazioa oso garrantzitsua delako baizik". Andrazkoek eurek zuzenean kudeatuko duten Emakumeen Etxea sortzea ere badute hauteskunde-programako puntuen artean.

Aparkatzeko arazoak izaten dira Erandion eztabaidabide nagusietako, zer esanik ez hauteskunde-garaiotan. EH Bilduk argi du eremu horretan jarraitu beharreko irizpideak zeintzuk diren: kaleak, nagusiki, autoentzat ez baizik eta oinezkoentzat izateko aukerez ikerketa bat egitea, eta Astrabuduan eta Altzagan aparkaleku publiko bana egitea. Bidegorri-sarea indartzeko apustua ere egiten dute, eta bereziki, itsasadarraren ertzeko bizikletentzako bidea osa dadin Udalak ahal duen dena egitea gura dute, "eskumen osoa Erandiorena ez dela eta zailtasun teknikoak daudela jakin badakigun arren", Arantzi Sarasolaren berbetan.    

Beste arlo batzuei dagokienez, euskararen aldeko politika indartzeko asmoa dute, "euskaraz diharduten hedabide, elkarte eta abarrentzat diru-laguntzak handituz", eta gazteei etxebizitzak alokairuan hartzea errazteko neurriak ipini gura dituzte, bai diru-laguntza bidez, bai alokatzeko moduko etxebizitzen parkea sortuz udalerrian.

Ganemos Erandiogaz elkartasuna  

Oraindino Erandioko bigarren indarra denari domekako hauteskundeetan parte hartzea debekatu dio Espainiako Konstituzio Auzitegiak, izen bereko beste hautagaitza baten mesedetan, eta hori "oso larria" iruditzen zaio EH Bilduri, "haiek egon baitira Udaletxean eta herrian lanean lau urteotan". Horregatik, elkartasunezko keinu hutsetik harago joan gura izan dute: Ganemos Erandioren proposamenak udalean eztabaidatzea ahalbidetuko dute, "nahiz eta horrek ez duen berez esan nahi ados egongo garenik edo gure botoa beti aldekoa izango denik".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun