Koronabirusa Uribe Kostan

"Momentu gogorrenetan pentsatzen nuen hobe nukeela sukarrarena aipatu ez izana"

Unai Brea 2020ko api. 13a, 18:45

Zapatu gauetik dago etxean Mertxe Bilbao, koronabirusagatik aste bi Perun bakartuta eman dituen 68 urteko erandioztarra. COVID-19aren proban positibo eman zuen arren, zorionez ez du sintomarik izan; txarrena, azaldu duenez, Liman bakarrik emandako lehenengo astea izan zen, eroan zuten lekuaren egoera penagarria zela eta. 

Martxoaren 21eko gauean, beragaz zegoen taldearen geroa artean batere argi ez zegoela, bizpahiru hamarreneko sukarra zuela jakinarazi zuen Mertxe Bilbaok. Hotel batean zeuden, eta bertako arduradunek abisua eman zuten, Bilbaori proba egin ziezaioten. Emaitza positiboa izan zen, baina hori ez zuen jakin egun batzuk geroago arte, denak Euskal Herrira bueltatzeko hegazkina hartzeko zorian zeudela, aireportuan bertan.

"Esan zidaten ezin nintzela abioian sartu", kontatu digu Bilbaok; "hasieran taldeko gainerakoek ere bertan geratu beharko zutela aditzera eman zuten, baina azkenean hegazkina hartzeko esan zieten". Bera, berriz, bakarrik geratu zen Liman.

"Lehenik eta behin, 09:00etatik 15:00etara aireportuan egon nintzen, zain", gogoratu du, "aireportu militarra zen, besteak itxita zeuden eta". Handik behin-behineko ospitale batera eroan zuten, proba egiteko berriro, "eta horren ostean zortzi egunez eduki ninduten leku izugarri batean, oso-oso egoera txarrean zegoena". COVIDaren sintomarik ez du behin ere igarri eta alde horretatik ez da beldur izan, "bai ordea toki hartan infekzioren bat hartzeaz".

Bigarren astea, apartamentu batean 

Bilbaoren egoerak hobera egin zuen bigarren astean: "Panamerikar Jokoetarako iaz egin zuten apartamentuetako batera eroan ninduten, eta han ondo; argia, ura, ohe bat, higienea... Ez nuen gehiago behar". Hiru gelako apartamentua zen eta beste emakume bigaz egon zen, perutarrak biak, bakoitza bere gelako atetik elkarregaz berbetan, "hirurak positibo emateagatik egon arren han".     

Etxekoakaz sarritan egin du berba eta Erandion bere alde egin diren ekimenen berri izan du Mertxe Bilbaok. "Espainiako kontsulak ere deitu izan dit hainbat bider", dio, "hala ere urruntasuna gogorra da; nigaz zeuden beste emakumeak ere bakartuta zeuden, baina familia kanpoaldean zuten, eta ez da gauza bera. Ez banu sukarrarena aipatu lasai bueltatuko nintzatekeen besteakaz, eta seguruenik jakin ere ez nuen egingo koronabirusa izan dudanik; bakardadeko momentu gogorrenetan pentsatzen nuen hobe nukeela isilik geratu izana, baina gero neure buruari esaten nion ezetz, zuzen jokatu nuela".  

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun