Koalizioaren ustez, kontsumoa sustatzeko bonu-kanpaina bat antolatzea adabaki hutsa da; "izan ere, udal askotan urtean zehar esku-hartze arrunt gisa txertatuta eta aurrekontuan sartuta dagoen neurria da". Ildo horretatik, EH Bilduk udal-gobernua osatzen duten alderdiei (EAJ eta PSE-EE) aurpegiratu die herritarren borondate onaren menpe uztea COVID-19aren ondorio larriak arintzea.
"Honelako egoera baten aurrean", gehitu dute, "Udalak aurrekontu-kreditu bat gaitu beharko zukeen, udal askok egin duten bezala, tokiko merkataritzarako laguntza zuzenak eta itzuli beharrik gabekoak emateko, jarduera nolabaiteko bermearekin abiaraztea ahalbidetzeko".
Oposizioa baztertzea deitoratu dute
Bestalde, merkataritza txikiaren sektorea epidemiaren aurretik ere ahulduta zegoela nabarmendu dute, hain zuzen ere hainbat alderdi politikok (tartean Erandioko gobernu-taldea osatzen dutenek) "merkataritza-gune handiak bultzatzearen alde egindako apustu irmoaren ondorioz". Hala, EH Bilduren ustez ez da onargarria "alderdi horiek orain tokiko merkataritzaren salbatzaile gisa jokatu nahi izatea". Bide batez, udaleko beste alderdiakaz ezer adostu barik eta haien proposamen bat ere onartu barik neurriak aurkeztea leporatu die koalizioak.
Aipatutako beste neurri bat Gizarte Larrialdietarako laguntzen aurrekontu-sailari 90.000 euro gehiago ematea izan da: "Zalantza sortzen zaigu laguntza horiek, duten konfigurazioagatik eta horiek jasotzeko eskatzen diren baldintzengatik, irtenbide bat ote diren bi hilabete hauetan diru-sarrerarik gabe geratu diren pertsonentzat". Honenbestez, adierazi dute hobe izango zatekeela koronabirusagatik sortutako beharrizan berrietara egokitutako laguntza-ildo espezifikoa abiarazi izana, diru-kopuru handiago bategaz.
Beste neurri batzuk egokitzat jo ditu EH Bilduk, esaterako 70.000 euro bideratzea familia ahulenek elikagai freskoak erosi ahal izateko, udalerriko langabetuen kontratazioa sustatzea eta Udalak egin beharreko zenbait erosketa herrian egiteko klausulak sortzea. Haatik, lehenengoari dagokionez berandu etorri dela uste dute ("alarma-egoera ezarri eta berehala hartu beharrekoa zen"), eta beste biak Udalaren ohiko jardueran txertatuta egon beharko liratekeela.