Bederatzi zutabek sostengatuko dute sei metroko zabalera eta ia kilometro erdiko zubiaren egitura. Mike Schlaich egitura diseinatzeaz arduratu den ingeniariak azaldu du inguruan behar bezala txertatu egongo den eraikuntza lerden eta arina izango dela. Zehaztu duenez, ibilbideak trazadura bihurgunetsua izango du ertz bietako maldak leuntzeko eta txirrindularien lana errazteko; "gurpil-aulki batek arazorik gabe igo ahalko du zubia", adierazi du.
Era berean, zubiak 6,5 metroko galiboa duten itsasontziak pasatzeko adinako altuera izango du, eta ontzi handiagoak igarotzeko zubia zabaldu egin daiteke, mekanismo birakari biri esker 50 metrora arteko zabalera duen nabigazio-kanala eskaintzeko aukera izango baitu. Birakariak izango diren pieza biek bela itxura izango dute egitura sostengatzeko, eta mugiarazteko motorrak zutabeetan egongo dira gordeta.
Horretaz gain, ingeniariak azpimarratu du zubiko ertz bietan oinezkoentzako eskailerak jarriko dituztela, zubira zuzenean igo ahal izateko. Zentzu horretan, arduradunek hirigintza-ahokadura lortu dutela azpimarratu dute, bereziki Erandion, gune erabilgarri gutxiago dagoen ertzean. Horretarako, ontziralekuko plazan 900 metro koadroko eremua erabiliko dituzte, baina, azaldu dutenez, gune horren galera konpentsatzeko, Foru Aldundiak 1.300 metro koadroko pasealeku berri bat sortuko du itsasadarraren gaineko pasarelen bidez.
Zubia Getxo eta Bilbo elkartuko dituen oinezko zein bizikletentzako bulebarraren egitasmoaren proiektuan kokatzen da. Egitasmoaren aurkezpenean iragarri zuten legez, Aldundiko arduradunek proiektu biak 2024an amaitzea aurreikusi dute. Bestalde, urte honen amaieran edo 2023 urtearen hasieran lanei ekiteko asmoa dutela ere iragarri dute; aurreikuspenen arabera, zubiaren egitasmoa gauzatzeko 18 hilabete eta 16,5 milioi euroko aurrekontua beharko dituzte.
Aurkezpenean izan den Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak egitura horren garrantzia azpimarratu du. Mugikortasun jasangarriaren trantsizio estrategikorako duen garrantzia azpimarratu du, eta Bizkaibizi bizikleta-sistema publikoa bezalako beste egitasmo batzuekaz batera, mugikortasun eredu berriari bultzada bat emango diola nabarmendu du.