Elkarrizketak

"Bizilagunei laguntza emateak asebetetzen gaituelako egiten dugu"

Ander Zarraga 2022ko abu. 24a, 09:00

Erandioko Herri Babesa osatzen duten kideetako batzuk, tartean, Sofia Beldarrain, taldearen arduraduna.

Erandioko Herri Babesa eskualdean dagoen bakarra da. Bere kideak boluntarioak dira, eta larrialdi-zerbitzuakaz batera egiten dute lan beharrezkoa denean. Festetan ere egoten dira, eta aurten, etxera joateko laguntza behar dutenei ere akonpainamendua eskainiko diete.

Nortzuk osatzen duzue Erandioko Herri babesa taldea?

Une honetan, 15 kide inguru gara. Guztiok dugu gure lana, eta Herri Babesean boluntario moduan aritzen gara gure denbora librean. Bizkaian beste 25 talde inguru daude, baina pandemiara arte jendeak ez gintuen hainbeste ezagutzen; itxialdian egindako lanari esker, jende askok egiten dugun lanaren berri izan du, eta, horren ondorioz, taldean sartzeko eskari asko izan ditugu. Kide berriak beti dira ondo-etorriak; hemen guztientzako lekua dago.

Jaietan etxera laguntzeko zerbitzua eskaintzen hasi zarete. Nola funtzionatzen du?

Duela urte bat hasi ginen festa-giroan  zaurgarritasun-egoeran egon daitezkeen neska edo mutilei etxera modu seguruan bueltatzeko laguntza ematen. Pentsatzen badugu gazte bat arrisku-egoera batean egon daitekeela etxera bakarrik doalako, akonpainamendua ematen diogu. Sare sozialetan harremanetarako telefonoa jarri genuen eta, normalean, horrela jartzen dira geugaz harremanetan.

"Iaz, Astrabuduko jaietan neska batzuek etxera joateko laguntza eskatu ziguten norbait segika zutelako eta ez zutelako gura etxera bakarrik joan. Orduan, hor erasoak ekiditeko modu bat zegoela ikusi eta Erandioko Udalaren babesagaz hasi genuen ekimena"

Horretaz gain, zein da egiten duzuen lana?

Gure ardura, batez ere, prebentziozkoa edo lehen interbentziozkoa da. Gu udalerrian kirol-probetan edo jaietan egoten garenez, gainerako larrialdi-taldeak baino azkarrago heldu gaitezke zerbait gertatzen den lekura, eta hobeto ezagutzen dugu herria, beraz, larrialdi-kasuetan lehen esku-hartzeaz arduratzen gara. Gainerako larrialdietako kideak heltzen direnean beraien aginduetara jartzen gara, eta behar dutenean laguntza ematen diegu. Uholdeak bezalako larrialdi-abisuak daudenean ere gu guardian geratzen gara, edozein egoeratarako prest.

Hurbiltasun-lana egiten duzue beraz?

Bai, guk larrialdietako beste zerbitzuei laguntza emateko lan lokalak egiten ditugu; besteak beste, suhiltzaileentzako ur-harguneen egoera kudeatzen dugu edo jende asko pilatzen den egoeratan egoten gara, kirol-jardueretan edo jaietan, adibidez. Horretarako, etengabeko prestakuntza jasotzen dugu, poliziaren, osasun-zerbitzuen eta suhiltzaileen aldetik. 

Zergatik erabaki duzue zuen denbora librean Herri Babeseko lanak egitea?

Bakoitzak bere arrazoiak ditu, eta gauza ezberdinengatik mugitzen gara. Nire kasuan, gogobetetze pertsonala da, niri lan honek asko asebetetzen nau pertsona moduan, uste dudalako herriko bizilagunei gehien behar dutenean laguntza emateko aukera eskaintzen didala, eta horrek asko aberasten nau. Gero, bakoitzak bere zergatiak izango ditu, baina nik uste dut hemen gauden gehienok antzeko arrazoiagatik egiten dugula lan: hurbileko jendeari laguntza emateko. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun