Iragarrita zegoen gaur goizeko Erandioko Udaleko osoko bilkuran iskanbila egongo zela. Tartanga Berdea plataformako kideak haserre zeuden, besteak beste, EAJ, PSE eta Podemos alderdiek euren sinadura-bilketari esker aurkeztutako herri-ekimena arbuiatu dutela uste dutelako.
Aurretik egindako adierazpenetan deitoratu dutenez, otsaileko osoko bilkuran alderdi politikoek mozioa premiaz aurkeztu zuten eta ez zieten denborarik eman hori behar bezala prestatzeko; horrenbestez, zera egotzi diete politikariei: "Tartangari buruz hitz egitea saihestu nahi dute. 2.000 auzokideen borondatea zaramara bota nahi izan dute inork zaratarik atera gabe".
Kontziliazio-neurrien eskean
#Erandio-ko udal langileok mobilizazioekin jarraitzen dugu kontziliazio neurriak negoziatzea eta hobetzea eskatzeko.
— LAB Eskumaldea (@LAB_eskumaldea) March 30, 2023
Enpleguaren eta lan baldintzen alde, zerbitzuak publikoak indartu!! pic.twitter.com/4QZMb6OQxr
Horrez gainera, gaur goizean, Udaleko beharginek ere protesta egin dute, urte bat baino gehiagoz eguenero egiten aritu diren bezala. Gaurkoan, beste behin, azpimarratu duten egun indarrean duten hitzarmena, Udalhitz, 2008koa dela, eta ez dagoela gaur egungo bizi-baldintzetara egokituta. "Bertan jasotako lizentzia eta baldintza askoren interpretazio gero eta estuagoa egiten du Udalak, langileon bizitza eta lana uztartzeko oztopoak areagotuz", gaineratu dute beharginek.
Halaber, Udaleko langileen artean ordezkaritza duten EAL, LAB eta UGT sindikatuek azaldu dute lan-baldintzak eta Kontziliazio Plan baten zirriborroa adostu eta gobernu-taldeari aurkeztu ziotela. "EH Bildu, PSE eta Podemosek bat egin zuten negoziatzeko proposamenarekin, baina EAJk ez", gogoratu dute.
Aurreko Udaleko otsaileko osoko bilkuran egin zuten mobilizazio eta bilerari esker ordezkari sindikalak EAJgaz batzea lortu zutela ere azaldu dute dute, baina deitoratu dute ordutik ez dela bestelako aurrerapausorik eman.
"Kontziliazioaz eta zaintzaz horrenbeste hitz egiten den garai honetan, egokia ez ezik ezinbestekotzat jotzen dugu hitzetatik ekintzetara pasatzea", hots egin dute beharginek eta gaur, martxoak 30, udaleko osoko bilera zegoela baliatuta, elkarretaratzea egin dute beste behin, "gure eskakizuna indartsu adierazteko".
Astikaren hustearen kontra
Astika Herria Defendatu!pic.twitter.com/lnhkn2VmAZ
— Astika Herria (@AstikaHerria) March 30, 2023
Beranduago, 11:00etan, Astika Herria defendatzeko elkarretaratzea ere egin dute hainbat herritarrek. Horiek ere Erandioko udaletxearen aurrean elkartu dira, aurreko martxoaren 3an Bilboko epaile batek bertan bizi direnei alde egiteko 30 eguneko epea eman baitzien.
Elkarretaratzean zeudenek aurrekoan adierazi zutenez, "Labartain S.L. enpresak, Erandioko EAJ-ren ezinbesteko laguntzarekin, aurrera eraman nahi du proiektu txikitzailea, gaur egun hemen dauden zelai berde eta XVI. mendeko baserriak, lazeriaren eta porlanaren azpian estaltzeko".
Erandioko Udaletxearen aurrean, ASTIKA HERRIA DEFENDATUZ!#astikatikezdirapasako #AstikaHerriaDefendatu pic.twitter.com/hOVIUUsdQd
— Astika Herria (@AstikaHerria) March 30, 2023