Hasieran, lana lortu ahal izateko, bere adinari buruz gezurra esaten zuela aitortzen du. "Hasieran oso gogorra egin zitzaidan, eta itzultzekotan egon nintzen, baina gaur egun ez nuke ezergatik aldatuko; jendeari gogorra egiten zaio, eta etorri diren ezagun batzuk bueltatu egin dira, ez direlako ohitu", dio Mercadok, baina azpimarratzen du bere esperientzia oso ona izan dela eta jende onagaz eta lana aurkitzeko zortea izan duela.
Dioenez, hasieratik deigarria egin zitzaion euskaldunek oso altu egiten dutela berba, "hasieran ez nekien errieta egin ari ziren". Gainera, etorri zenean ez zekien hemen gazteleraz gain euskaraz ere egiten zela: "Behin, Hondarribian lanean nengoela, Donostiara joan behar izan nintzen eta hiru autobus joan zitzaizkidan, batek ere ez zuelako San Sebastian jartzen, eta nik ez nekien Donostia eta San Sebastian hiri bera zirela; horrelako asko gertatu zaizkit, kar-kar-kar".
Bera Kaixo Nika Elkarteko kidea da, eta hainbat jarduera egiten dituzte datozen etorkinei aholkularitza emateko, herrialdeko elkarteei laguntza emateko dirua bidaltzeko ekintzak solidarioak... "Garrantzitsua da jaioterriagaz elkartasuna mantentzea, askok ez baitute migratzeko aukerarik, eta gu laguntzen saiatzen gara", azaldu du.
Momentuz, ez daki bueltatuko ote den, oso gustura dagoelako hemen, baina bere semea eta gurasoak oraindino Nikaraguan dituela dio, eta, beraz, urteak aurrera egin ahala agian iritziz aldatuko dela uste du. Horrez gain bere herrialdeagaz lotura oso estua izaten jarraitu gura duela dio, asko maite baitu Nikaragua.