Maiatzaren 28ko udal-hauteskundeen emaitzakaz eta Hauteskunde Batzordeak zalantzan zegoen eserlekua EH Bilduri eman ostean, horrela geratu da Erandioko osoko bilkura: EAJ zortzi zinegotzi, EH Bildu sei, PSE-EE lau, Elkarrekin Podemos bi eta PP bat. Udalbatzan 14 aurpegi berri sartu dira hasi berri den legegintzaldian, eta 11 zinegotzi emakumeak izango dira, gehiengoa beraz.
Olibanek bere alderdiko zortzi ordezkarien eta lau sozialisten babesa jaso zuenez, bera izendatu zuten bigarrenez alkate. Horrez gain, Imanol Eguskiza EH Bilduko alkategaiak zortzi babes jaso zituen, bere alderdikideenak eta Elkarrekin Podemoseko bienak. Azkenik, PPko Iker Iribarrenek bere buruaren alde bozkatu zuen.
Udaleko arduradun nagusi gisa emandako lehen hitzaldian, Olibanek oroitzapen eta esker oneko hitzak izan zituen berarengan konfiantza jarri duten erandioztarrentzako. Jarraian, bere erronka nagusiak Erandio udalerri ordenatuagoa, gizalegezkoagoa eta oparoagoa bihurtzea direla nabarmendu zuen, eta udalerria eraldatzeko eta berroneratzeko prozesu garrantzitsuari buruz aritu zen.
Bere aldetik, EH Bilduk deitoratu zuen ezkerreko alderdien arteko "gobernu aurrerakoia" osatzeko proposamena ez zela aurrera atera, aurreikusitakoaren arabera, PSE-EEk jeltzaleakaz izandako adostasuna errepikatzea aukeratu baitzuen. Soberanistek azaldu dutenez, Podemosek koalizio abertzalearen proposamena babestu bazuen ere, sozialistek uko egin zuten "gure herriak adierazi duen ezkerrera egiteko bideari bizkarra emanez".