Martxoaren 11n itsasadarrak gainezka egin eta urek Altzagako hainbat kale hartu zituenetik hilabete baino gehiago pasatu da. Ordutik, kaltetutako merkatari, ostalari eta bizilagunak batzen dituen koordinakundeak hainbatetan salatu du erakundeen erantzun eta neurri falta. Gauzak horrela, iragarri dute Arartekoarengana jo dutela babes eta laguntza bila, "institutuzkoei beraien beharrizanak bete gabe" jarraitzen dutelako, eta "Aseguru Partzuergoak espedienteen izapidetzea blokeatuta" daukalako .
Behin eta berriro salatu dutenez, uholdeak Aldundia egiten ari den All Iron zubiaren lanen eraginez geratu ziren, moilako defentsak kentzean, marea bizietako urek gainezka egin zutelako. "Hori arduragabekeria onartezintzat jotzen dugu, eta Aldundiak erantzukizuna bere gain hartu beharko du", adierazi dute.
Era beran, Erandioko Udalaren aurka ere jo dute, kaltetuek beren espedienteak, laguntzak, maileguak gelditzea eta abar izapidetu ahal izateko duela asteak eskatutako txostenak behar dituztelako, eta horiek entregatu gabe jarraitzen dutelako. Gaineratu dute Alkatetzagaz eta udal-teknikariakaz batzeko zain daudela, "irtenbideak eta eskatutako informazioa jasotzeko".
Horregaz batera, uholdeak ez errepikatzeko babes-neurriak ere eskatu dituzte berriz ere; ohartarazi dutenez, azterlan eta txostenen arabera, Erandio da EAEn marea bizien eraginez kaltetua izateko arrisku handiena duen udalerria, baina martxoaren 11n babes-neurri, alerta-protokoloak eta aurreikuspen faltak uholdeak eragin zituen.