Tartangan 148 etxebizitza eraikitzeko plana bertan behera utzi dute

Ander Zarraga 2024ko eka. 10a, 09:22

2017ko ekainaren 11n, Tartanga Berdea herri-ekimen jaio berriak giza-mosaiko bat egin zuen babestu gura duten berdegunean. © TARTANGA BERDEA

Sustapen-enpresak bertan behera utzi du proiektua, etxebizitza nahikorik saldu ez dutela argudiatuta. Tartanga Berdeak erabakia ospatu arren, ohartarazi du egitasmoa ez dela behin betiko geldiarazi, eta Udalari exijitu dio lurrak "aisialdirako berdegune gisa kalifikatzeko".

Tartangako berdegunean 148 etxebizitza eraikitzeko asmoa zuen Jaureguizar eraikuntza-enpresa atzera bota da. Hala adierazi die gutun-bidez daborduko erreserba eginda zeukaten 90 familia ingururi, jakinaraziz aurreratutako dirua itzuliko dietela eta lehentasuna izango dutela proiektua berriro berreskuratzen badute. Proiektuaren arabera, 70 BOE eta ekimen pribatuko 78 etxebizitza eraiki gura zituzten Altzagako kiroldegi ondoko berdegunean, baina oraindik lanak hasi barik daude.

Enpresatik argudiatu dutenez, egitasmoak porrot egin du ekimen pribatuko etxebizitza oso gutxi saldu baitituzte. Azaldu dutenez, Babes Ofizialeko Etxebizitzen promozioak arrakasta handia izan zuen, eta ia guztiak erreserbatu zituzten hasieratik; alabaina, 2022an 220.000 euro inguruko prezioan salmentan jarri zituzten gainerako ekimen pribatuko etxebizitzak ez dituzte aurreikusi bezala saldu.

Erabakia aurreko astean gutun-bidez jakinarazi zieten arren, egitasmoaren gainbehera aurreko urtetik ezagutzen zuten askok; izan ere, sustapen-enpresa 2023an hasi zen dirua itzultzen 90 familia ingururi

Norabide onean

Bere aldetik, Tartanga Berdea plataformako kideek erabakia "oso positibotzat" jo dute, baina azpimarratu dute "eraikuntza-proiektua behin betiko bertan behera uzteko unea" dela, eta, horretarako, lur horiek "aisialdirako berdegune gisa kalifikatzeko" eskatu diote Udalari.

Berdegune hori "duin" bihurtzeko garaia dela, eta horrek eskaintzen dituen aukera guztiak aztertzeko garaia dela ere adierazi diote Udalari. Izan ere, ohartarazi dute "gaur ez dela ezer amaitzen", oraindik ere sustapen berriei ekiteko "arriskua" baitago. Hori dela eta, herritarrak interpelatu dituzte Erandion proiektuarekiko dagoen "gaitzespen orokorra" erakusten jarraitzeko.

Taldeak proiektua gelditu izana ospatu duen arren, elkartasuna adierazi diete kaltetuei, eta azpimarratu dute herrian etxebizitzak eskuratzeko arazoa abandonatutako beste orube batzuetara eraman beharko litzatekeela. "Industrialdeak abandonatuta eta hondatuta dauden bitartean, Altzagan dauden berdegune bakanetako bat sakrifikatzea erabaki zen", kritikatu dute, eta nabarmendu dute halako hirigintza-egitasmoek "begirada estrategikoa eta adostasuna" behar dutela.

Tartangaren ibilbide korapilatsua 

Promozio horren porrota Erandioko kulebroi urbanistikoaren azken gertakaria besterik ez da. Dena 2006an hasi zen, Abaroa eraikuntza-enpresak Altzaga auzoko 66 familiaren pisuetan pitzadurak eta kalteak eragin zituenean.  Orduan, udalerriko alkate zen Joseba Mikel Arieta-Araunabeñak (EAJ) konponbide bat agindu zien familiei eta Udalbatzak Tartangako orubea bizitegi gisa birkalifikatu zuen eta Azpegieturak foru sozietateari eman zion

Ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiko erakunde horrek Murias sustatzaileari saldu zion lurzorua, eraitsi behar izan zituzten etxeetako bizilagunak baterako birkokatzeaz eta berreraikitzeaz arduratzearen truke.

Neurriaren aurkako auzo-mugimendu bat sortu zen Altzagan, Tartanga Berdea izenekoa, salatzen zuena Altzagako berdegune bakanetako bat galtzeko arriskuan zegoela, "interes pribatuen mesedetan".

2020an, Urbas talde madrildarrak Murias erosi zuen, eta, azkenean, Jaureguizar buru zuen kooperatiba baten esku geratu ziren lursailetako batzuk, Urbasek 2021ean ere erosi baitzituen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun