Aldundiak gezurtatu egin du Erandioko uholdeak zubia eraikitzeko lanen erruz izan direla

Ander Zarraga 2024ko api. 19a, 12:33

Apirilaren hasieran, itsasadarrak gainezka egin zuen berriz ere, baina oraingoan ez. zuen kalterik eragin. © ERANDIOKO AUZOKIDEOK

Leixuri Arrizabalaga Aldundiko bozeramaileak atzo berretsi zuen martxoaren 11n Altzagan izandako uholdeak "arrazoi naturalengatik" gertatu zirela, eta ez All Iron zubia eraikitzeko lanengatik. Gaineratu zuen kontaktuan daudela Aseguru Partzuergoagaz kaltetuek ordainketa jaso dezaten.

Aldundiko bozeramaileak atzo prentsaren aurrean azpimarratu zuenez, egindako txosten teknikoek "zehaztu dute ez dagoela kausa-efektu erlaziorik obraren eta uholdeen artean". Horregaz batera, gogoratu zuen arlo horretan eskumena duten erakunde publikoek –URA eta Eusko Jaurlaritzako Larrialdi Zerbitzua– jakinarazi dietela Altzagan izandako uholdeak "gertaera historikoa" izan zirela, "historikoak ere izan ziren marea bizi batzuen ondorioz". Horrenbestez, Arrizabalagak ziurtatu zuen martxoaren 11ko uholdeak baldintza naturalengatik izan zirela, "eta inolaz ere zubia eraikitzeko lanak direla eta". 

Era beran, Arrizabalagak baieztatu zuen Erandioko Udalagaz eta Aseguru Partuzergoagaz harremanetan daudela, bitartekaritza lanak egiten, "kaltetutakoek lehenbailehen dagozkien kalte-ordainak jaso ditzaten". 

Bien bitartean, kaltetutako erandioztarrek zubiko lanei egozten dizkiete uholdeak. Hori frogatzeko, apirilaren 9an izandako marea bizien bideo bat partekatu dute, non ikusi daitekeen itsasadarreko urak nola estaltzen duen lanak egiten ari diren moila, eta nola zeharkatzen duen hesia kaleetara bidean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun