Uholdeek kaltetutakoek mobilizazioak iragarri dituzte, Aldundiaren eta Udalaren konponbide falta salatzeko

Ander Zarraga 2025ko urt. 21a, 15:02

Marea bizien ondorioz itsasadarrak gainezka egin ohi du Erandion, baina baldintza meteorologikoek eta zubia eraikitzeko lanek egoera asko okertu zuten iazko martxoan. © UHOLDEEN KALTETUTAKOEN KOORDINAKUNDEA

Altzagako hainbat kaleri eragin zien uholde larrietatik ia urtebetera, kaltetuen koordinakundeak salatu du egoera jasanezina dela oraindik. Erandioko Saltoki Batuetako, Uholdeek Kaltetutakoen Koordinakundeko eta Erandioko Auzokideok kolektiboko ordezkariak Udalagaz bildu dira gaur, urtarrilak 21, martxoa berriz ere izango den uholde-arriskuaren aurrean neurriak eskatzeko.

Elkarteek jakinarazi dutenez, bileran Udalak jakinarazi die Bizkaiko Foru Aldundiari presioa egiten jarraitzen duela, uholdeetatik babesteko proiektuak egokitu ditzan eta Altzagarako segurtasun handiagoa berma dezan. Hala ere, orain arte, Aldundiaren erantzuna negatiboa izan ei da, eta ezarri diren neurri bakarrak 2024ko uholdeen ondoren jarri zirtuzten lur-zakuak dira.

Koordinakundeak "arduragabekeriatzat" jo du erakundeen konpromiso falta, eta mobilizazioak iragarri ditu erakundeei erantzukizuna eta Klima Aldaketaren 7/2021 Legea bete dezatela eskatzeko. Araudi horren arabera, Aldundia uholdeen arriskua kontuan hartzera eta bere proiektuak egokitzera behartuta dago, "baina ez du horrelakorik egin", ohartarazi dute koordinakundetik.

Era berean, nabarmendu dute URAren (Uraren Euskal Agentzia) Arrisku Planari aurkeztutako alegazioek oraindik ez dutela erantzunik jaso, eta horrek larriagotu egiten duela kaltetuen eta gainerako herritarren arteko "utzikeria- eta desinformazio-sentsazioa".

"Erandiok segurtasun bermerik gabe eta itsasaldien, meteorologiaren eta zakuen zain jarraitzen du. Bitartean, erakunde eta alderdi politikoen aurrean laguntza eta informazioa eskatzen jarraitzen dugu", adierazi dute suminduta koordinakundeko kideek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun