Ikasleek antolatutako Gure! jaialdia, inoiz baino anitzago eta parte-hartzaileago

Ander Zarraga 2025ko ots. 17a, 16:21

Aste-akabuan, otsailaren 21ean eta 22an, Gure! jaialdiak Altzagako kaleak hartuko ditu. Egun horietarako Tartanga LHIIko ikasleek, Erandioko Udalaren laguntzagaz, ederto pasatzeko hamaika proposamen antolatuko dituzte: kontzertuak, antzerkiak, azoka... Aurtengo jaialdiak berritasunak ere izango ditu, besteak beste, horren abestia eta bideoklipa aurkeztuko baitituzte.

Izaro Seoane, Lander Angulo eta Eneko Anta Ikus-entzunezkoen eta ikuskizunen ekoizpeneko bigarren mailako ikasleak dira, eta, aurten, beraiek aritu dira Gure! jaialdia antolatzeaz arduratu den lantaldean. "Egun horietan herrian giroa sortzeko hainbat ekintza antolatuko ditugu: umeentzako jolasak, dokumentalen emanaldiak, kontzertuak...", aurreratu du Seoanek. 

"Ikasturteko lehen astetik daramagu hau antolatzen, eta guretzat gauza oso garrantzitsua da, bai zentroaren kanpoko jendearentzako egiten dugun zerbait delako, baita antolakuntza-lanak zuzenean egin behar izan ditugulako; oso ekintza erreala da", azpimarratu du Antak. 

Prozesuari dagokionez, Angulok azaldu du beraiek iaz ere lagundu zutela bigarren jaialdiaren antolakuntza-prozesuan, eta, aurten, bete-betean aritu dira antolaketan: "Taldeka antolatu gara, bakoitza bere ardurarekin, baina denon artean, proiektuaren ardatz guztiak jorratu ditugu; ordu eta bilera asko izan dira, beraz, denok ikasi dugu asko".

Abesti berria eta bideoklipa

Ikasleek Lova Lois abeslari astrabuduarragaz batera sortu duten abestia eta horren bideoklipa izango dira aurtengo jaialdiko berritasun nabarmenetako bat. "Oso gauza polita izan da, abestia soinuko ikasleek sortu dutelako, ekoizpen klaseko ikasleek abestu dutelako horretan eta errealizazioko ikasleek egin dutelako bideoklipa, beraz, zikloen arteko elkarlana izan da", azaldu du Miren Galan irakasleak.

Bideokliparen zuzendaria izan den Markel Fernandezek azaldu du beraiek ere jaialdian parte hartuko dutela, ikasten ari direna praktikan jartzeko: kontzertuen streaming bidez eskainiko dute edo ekoizte-prozesuaren grabaketa egingo dute, besteak beste.

Programazioa

Abestiaz gain, lehen aldiz emakume artisauen azoka zein herrian ekoiztutako dokumental bien proiekzioak ere egingo dituzte: Maroma eta Begotxu. "Gainera, lehenengoz nazioarteko artista bat ere izango dugu gurekin: Skarra Mucci Jamaikako abeslaria", aurreratu du Antak. 

Gainontzeko kontzertuei dagokienez, Leihotikan, Suaia, Marte Lasarte, Reimy eta Steady Rockets taldeek osatuko dute Gure! jaialdiko kartela. "Erandioko artisten aldetik, TraBesties taldeko Lasy Philis, Incognita Gianolli eta Iria Mey egongo dira, jaietan ere egon zirenak, eta Frantxu LSB rap abeslariak ere kontzertua emango du", gaineratu du Seoanek.

Antzerkiari dagokionez, batetik, Artatza-Romo BHIko ikasleek Antigona antzeztuko dute, eta, bestetik, Anima Eskolako aktoreek Animaclown taularatuko dute. Altzagako Gautxoriak taldeko buruhandiek eta erraldoiek ere euren agerraldia egingo dute; ez dira faltako Goi Alde dantza-taldearen dantzak ezta herri kirolen erakustaldia ere.

Protokoloa

Aurreko jaialdietan puntu morea bazegoen ere, aurten, lehen aldiz, edozein eraso gertatzen bada nola jokatu beharko litzatekeen ezartzen duen protokoloa ere sortu dute. "Edozein eraso ematen bada –matxista, arrazista, sexista edo LGTBI-fobikoa– protokoloa sortu dugu, horien aurrean zer egin ezartzeko", gaineratu du Seoanek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun