Nola ari zarete urteurrena ospatzen?
Hainbat ekintza antolatu ditugu urte osoan zehar. Urtea irteera berezi batekin hasi genuen. Taldeko gazte eta umeak aterpetxe batera eraman genituen eta haiek prestatutako ikuskizun baten bidez kontatu genien guraso eta nagusiei gure dantza taldearen historia.
Helduei begira, eta ez dantzari eta musikariei dagokienez soilik, hitzaldiak antolatu ditugu. Dagoeneko bi egin ditugu: herriko festetarako janzkera tradizionalari buruz eskaini zigun lehena Ane Albisu ikerlariak; eta, inauteri eta San Juan gauaren arteko lotura errituala azaldu zigun Mikel Urbeltzek. Urtearen amaieran egingo dugu hirugarrena; oso berezia izango da hori gure dantza taldeko Osane Oruetxebarria musikariak gidatutako matematika lan batean oinarritzen delako. Matematikak eta euskal dantzak, jakin-mina, behintzat, sortzen du.
Erandioko Gorpuzti jaietan ere, urteroko ikuskizuna egiteaz gain, inguruko herrietako dantza taldeekin batera dantzaldi berezia egin dugu; hori izan da, nolabait, ingurukoekin egin dugun ospakizun keinua.
Amaitzeko, urriaren 10etik 12ra arteko asteburuan, duela bi urte estreinatu genuen Erandio ikuskizunaren bigarren emanaldia egingo dugu eta asteburu osorako jai giroa antolatuko dugu.
Nolakoa da gaur egungo taldea?
Gaur egungo taldea askotarikoa da adinari begira. Nagusien taldea deritzoguna gaztez osatua dago batik bat, eta talde horretako gazteak eurak dira dantzari gaztetxoagoen taldeak gidatzen dituztenak. Esan daiteke, gaur-gaurkoz, taldea bizi-bizi dagoela. Aldaketarik aipatu beharko balitz, kideen jatorria esango genuke dela aldaketarik adierazgarriena. Sasoi batean, dantza-taldeko kide gehienak bertakoak ziren, edo bertakoen ondorengoak, asko jota. Gaur egun, beste herri batzuetako dantzari berriak, Erandioko beste auzo batzuetakoak… ere etortzen dira gurera; zer esanik ez, azken urteetan Erandiora bizitzera etorri diren familia berrien seme-alabak.
Guztira 150 kide inguru gara dantzariak eta musikariak barne hartuta; baina badira beste asko beti alboan ditugunak behar dugun edozertan laguntzen, eta horiek ere taldekoak ditugu.
Taldearen sorreraz zer kontatu ahal diguzue?
Taldea 1965. urteko Andra Mari jaietan irten zen dantzatzera lehenengo aldiz. Erandioko parrokoak bizitasuna eman nahi zion herriari eta, bide batez, gazteek dantza tradizionalak ikas zitzaten ere amesten zuen.
Aurretik bazegoen beste dantza talde bat: Accion Catolica taldea. Talde horretako dantzariak nagusitu zirenean, ez zuten jarraipenik lortu eta herriko parrokoa haietako bati zuzendu zitzaion herriko gazteei dantzak erakuts ziezaien. Jose Luis Intxaurbe Kotxelu izan zen gazteei oinordekotza transmititzeko mandatua hartu zuen kidea; eta, bere anaia Javiren eta, beranduago, Iciar Arestiren eskutik Goi Alde dantza taldea sortu zuten. Heldu zaigunaren arabera, Intxaurbe anaiak motorrez joaten ziren herririk herri dantzak ikasten, gero herrian erakusteko.
Herriko eragile modukoak zarete, nolabait?
Asmoa behintzat hori da. Kontuan hartu behar da gurea bezalako herri txikietan aisialdirako eskaintza mugatua dela ume zein gazteentzat eta arriskua dagoela gazteek haien bizitza beste nonbaiten eraikitzeko.