Naturagaz harremana eta mendiak erakarrita, unibertsitatean zegoenean, futbola utzi eta gailurretara igotzen hasi zen Zubimendi. "Banuen zaletasuna, baina Monte Perdidora neguan iparraldeko ertzetik egin nuen igoerak markatu ninduen; aldaketa bat izan zen eta hor erabaki nuen hori zela egin nahi nuena", gogoratu du mendizale erandioztarrak.
Ordutik, munduko gailurrik garaienetan zehar hainbat espedizio egin ditu, Himalaian, Andeetan, Alpeetan... Bere lehen zortzimilakoa 24 urtegaz igo zuen: Cho Oyu. "Hasieran ez genuen esperientziarik, eta ikasleak ginenez, dirurik ere ez, enpresa batzuek diru apur bat ematen ziguten eta ahal genuen moduan egiten genituen espedizioak", gogoratu du.
Bere ibilbideko gailurretako bat 2024an lortu zuen, Karakorumeko (Pakistan) Kharut 2 (6.703 metro) mendi birjina ipar-mendebaldeko ertzetik estilo alpinoan igo zuenean. Tontorrera heldu ez zen arren, Vicente Barcena herrikidea ere izan zuen lagun igoera hartan.
Hain zuzen ere, Barcena eta Zubimendik Perun egindako espedizioa batean ezagutu zuten elkar eta azken honek azpimarratu bezala, "mendiak lagun minak eman dizkit, eta ez bakarrik Euskal Herrian, baita beste herrialde batzuetan ere: sukaldariak, enpresariak...". Hala ere, deitoratu du mendia asko masifikatu dela azken urteotan eta "altuera-turista" deitzen dituen sasi-alpinista horiek saihesten ahalegintzen dela dio.
Gaur-gaurkoz, alaba bi eta lana ditu, eta horrek abentura berriak antolatzea zailtzen dion arren, oraindik munduko gailurrak igotzeko espedizioak antolatzen jarraitzen du. Horrez gain, Astrabuduko kiroldegian dagoen rokodromoan, Atxazpe Mendi Taldeagaz eskalada ikastaroak ematen ditu Mintzalagunakaz batera: "Herrian euskara eta eskalada bultzatzeko proiektu polita denez, ezinezkoa zen ezetz esatea"