Oskar Martinezek domina bi eskuratu ditu Kayak Surf Munduko Txapelketan

Iker Rincon Moreno 2015ko uzt. 6a, 14:00

Oskar Martinez. © EKFB

Oskar Martinez algortarrak urrezkoa eta brontzezkoa lortu ditu aste akabu honetan, Euskadiko Selekzioagaz Galizian jokatu duen Kayak Surf Munduko Txapelketan. Lehenengo postua taldekako modalitatean lortu zuen, euskal konbinatuaren barruan, eta hirugarrena norbanakoen Master kategorian. Martinezek azaldu duenez, Mundiala "izugarria" izan zen, "dena ezin hobeto" irten baitzen.

Coruñako Valdoviño udalerriko Pantin hondartzak hartu zuen atzo, domekan, Oskar Martinezen brontzea. Master kategoria horretan, Edu Etxeberria donostiarra nagusitu zen. Era berean, aurreko egunean, zapatuan, faboritoa zen Euskadiko Selekzioak lortu zuen  taldekako garaipena mundialean. Gauzak horrela, Galiziakoa da euskal taldeak irabazi duen laugarrena. Aurretik, Australian (2013), AEBetan (2011) eta Bakio-Mundakan (2009) garaile izan zen.

Euskal herritarrak Ingalaterrari nagusitu zitzaizkion, atzean Gales eta Irlanda utzita. Hasierako saioetan lehia handia izan zen, baina txapelketaren erditik aurrera euskal konbinatua abantaila hartzen hasi zen, hainbat lehenengo postu lortzen. Hamasei serietatik hamar irabazi zituzten, eta beste bostean bigarren sailkatu ziren. Txapelketa bukatu baino hiru saio lehenago, Euskadi daborduko Munduko txapeldun zen.

15 domina Euskal Selekzioarentzat

Euskadiko Kaya Surf Selekzioak urrezko, zilarrezko eta brontzezko bosna domina lortu zituen, inork baino gehiago, taldekako garaipena lortzeaz gainera. Ingalaterrak, bigarrena domina kopuruan, urrezko lau domina besterik ez zituen lortu.

Honakoak izan ziren euskal garaikurrak:

Open HP edo kayak luzeko modalitatea Edu Etxeberria donostiarrak irabazi zuen, eta Urko Otxoa gipuzkoarra laugarren gelditu zen. Open IC edo kayak laburreko modalitatean, Etxeberria podiumera igo zen berriro ere, baina bigarren lekuan. Kategoria horretan Xabi Olano usurbildarra laugarrena izan zen. Gazte mailan, mutilek podiuma osorik osatu zuten: 17 urteko Oier Uruburu donostiarrak lortu zuen garaipena, atzean Gorka Martin, Odei Etxeberria eta 15 urteko Hodei Crujeiras kadetea sailkatuta. Banku luzean, ordea, Uruburu eta Martin gazteek podiumeko lekuak aldatu zituzten, eta Odei Etxeberriak hirugarren lekuan errepikatu zuen. Master kategorian, aurretik aipatu legez, Edu Etxeberria nagusitu zen eta Oskar Martinez hirugarrena izan zen. Emakumezkoetan, Enara Ibarburuk bigarren lekua hartu zuen, Garazi Iturralde zubietarrak brontzezkoa eskuratu zuen eta Teresa Carranza laugarren sailkatu zen. Carranzak eta Ibarburuk beste domina bana eroan zituzten. Luis Abando bakiotarrak, ordea, Grand Masterreko txapela jantzi zuen.

Guztira, 200 parte-hartzaile izan ziren Munduko Txapelketan, horietako 16 euskal selekzioagaz joan ziren.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun