Getxoko Udalak harrera egin die errugbilari uruguaitarrei

Iker Rincon Moreno 2015ko ira. 11a, 19:15

Goizeko ekitaldiaren irudia. © GETXOKO UDALA

Imanol Landa Getxoko alkateak eta hainbat alderdi politikotako zinegotziek Uruguaiko errugbiko gizonezkoen selekzio absolutua hartu dute gaur goizean udaletxean. "Los Teros" ezizeneko selekzioa domekara arte izango da Algortan. Egun horretan, Londresera bidaiatuko da, irailaren 18an hasiko den Munduko Kopan jokatzeko. Uruguaitarrak aste batzuk izan dira Getxo udalerrian mundialerako prestatzen. tartean, Euskariansen aurka lagunarteko partida jokatu eta irabazi zuten Faduran: 19-41.

Imanol Landa alkateak aitortu du Getxorentzat "ohorea" dela Uruguaiko selekzioa udalerrian artatzea, kontzentratuta dagoen bitartean. Ondoren, gogoratu du "Uruguai maitatutako lurra dela eta Euskadik beragaz lotura historiko, kultural eta harreman ugari partekatzen dituela. Euskal Herriak ez du ahazten Hego Amerikako herriek mendeetan zehar etorkizun hobeagoaren bila gure lurra utzi duten euskal herritar ugari eskuzabaltasunagaz hartu dituztela. Uruguai ez da salbuespena izan, eta horregatik espero dugu egun hauetan gure maitasuna eta esker ona zuek sentitu izana, urteetan partekatutako historiagatik".

Europako Kirolaren Hiri Hoberenaren titulua ospatzen den urtean, alkateak uste du "justua dela gogoratzea gure udalerrian errugbiak duen herri-errotzea eta tradizio handia Getxo Rugby Taldeari esker. Horien lanari esker gure herriak zuen anaitasunean du tokia".

"Uruguai zuen etxea da"

Bere hitzaldian, alkateak Errugbiko Euskal Federazioari eskertu dio bere konfiantza Euskal Herriko selekzioen partidak eta 20 urtetik azpikoen eta Uruguaiko selekzio absolutuaren egotaldiak Faduran antolatzeagatik. Amaitzeko, alkate getxotarrak zorterik onena opa dio Uruguaiko selekzioari Londresen izango duen Munduko hitzorduan.

Bestalde, Santiago Slinger Uruguaiko errugbiko selekzioaren managerrak eskertu du jasotako abegi ona: "Hona etortzeko izan genuen lehenengo harremanetik bertako egotaldian izan ditugunetara zuen guztion eta errugbi taldearen laguntza sentitu dugu. Etapa hau amaitzen gabiltza, ia hilabete bat etxetik kanpo, Munduko Kopara sasoi hoberenean heldu ahal izateko. Erronka handia dugu aurrean. Gure herrialdea erarik hoberenean ordezkatzen saiatuko gara eta baita kirol honen baloreak ere". Bi herrien arteko loturak ere azpimarratu ditu managerrak eta "bisitak gure adiskidetasuna mantentzeko eta etorkizunean luzatzeko balio du. Gu bisitatzeko gonbidatzen zaituztegu. Uruguai zuen etxea da. Betira arte".

Ekitaldiaren amaieran, Aixerrotaren figura eman diote Uruguaiko selekzioari, eta familia-argazkia ateraz eta mokadu txiki batez ospatu dute topaketa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun