Azken informazioei buruzko balorazioa egin du gaur Imanol Landa Getxoko alkateak. "Oso positibotzat" jo du atxiloketa, "gure herritarrentzako lasaitasun eta segurtasun mezua delako, gertaerak berak eta bere ezaugarriek kezka eta alarma eragin zituztelako Getxo Kirolakeko udal instalazioetako erabiltzaileen artean". Hala ere, gogoratu du, azterketa sakon bat egin ostean, ez zituztela kamera gehiagorik aurkitu.
Edozein kasutan ere, "haserrea eta gaitzespen osoa" berretsi du, gertaera horiek aldagela horietako erabiltzaileen intimitate eta askatasun eskubidearen urraketa "argia" izan delako.
Hori horrela, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak egindako lana "goraipatu eta esker ona" helarazi nahi izan du Udalak. Hala ere, Landak gogoratu duenez, martxan jarritako eginbide judiziala "zabalik eta amaitu gabe" dago.
Alde horretatik, Udalak konpromisoa hartu du auzi horretan "azken muturreraino" iristeko; hala, zerbitzu juridikoakaz aztertzen dabil instituzioa zigor-arloko prozeduran azaltzea, akusazio partikular gisa.
Legez kanpoko kamerak emakumezkoen aldageletan
Atletismoko eta errugbiko emakumeen taldeek erabiltzen dituzten aldagelatan legez kanpoko kamerak topatu zituzten azaroaren 11n. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak ikerketa abiatu zuten orduan, eta kamerak bertako langile batek jarri zituela izan da hipotesi nagusia hasieratik.