Mozal legeak ehuna euroko isuna ezarri die hamasei getxoztarri

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 15a, 12:25

Jarritako isunak salatzeko ateratako argazkia.

Joan den urriaren 10ean Algortan egindako Alde Hemendik Eguneko manifestazioan parte hartu izanagatik, Getxoko 16 lagunek ehuna euroko isuna jaso dute. Algortatik Hanka indar okupatzaileen kontrako mugimenduaren arabera, isun horiek Mozal Legean oinarritzen dira, "segurtasun-indarren kontrako errespetu falta" egin izana leporatuta.

Azaldu dutenez, Guardia Zibilak ipinitako salaketa baten ondorio dira zigor horiek, gerora Ertzaintzak bide administratibotik tramitatu dituena. Gazteek salatu dutenez, "horrek agerian uzten du, beste behin ere, Estatu Espainolak herriko sektore handi baten iritzi eta aldarrikapenak isilarazteko duen nahia".

"Nola da posible manifestazio legal batean parte hartzeagatik 16 pertsonak isunak jasotzea? Nola da posible poliziak akusazio eta epaile gisa jokatzea?", galdegin diete "Euskal Herrian bake-egoeran bizi direla esaten dutenei". Euren ustez, "jendarteko sektore baten aurkako errepresioa desagertzetik urrun, areagotu eta findu" egin dute; "Euskal Herrian ohituegiak gaude errepresio molde horietara, baina mozal legearekin jardunbide hori egonkortu eta legeztatu egin dute".

Jendea identifikatzeko sistemak ere ezinegona eragin die Algortatik Hanka-koei. Azaldu dutenez, Guardia Zibilak grabatutako bideo baten bidez identifikatu dituzte hamaseiak, egunean bertan ez baitzuten zuzeneko identifikaziorik egin. "Alerta pizten digu kontrol sozialerako dituzten fitxategi eta baliabideen inguruan", adierazi dute, "zein fitxategi-mota dauka Guardia Zibilak identifikazio horiek egin ahal izateko?". Adierazpen-askatasunaren aurkako erasotzat hartzen dute zigorra, eta jakinarazi dutenez, «inoiz baino ozenago» oihukatuko dute "indar okupatzaileek Euskal Herrian ez dutela lekurik".

Mozal legea, Argiaren kontra

Axier Lopez Argia astekariko kazetariari 601 euroko isuna ezarri diote "baimenik izan gabe" atxiloketa baten argazkiak Twitter sare sozialean argitaratzeagatik, operatibo horretan parte hartu zuten poliziak "identifika zitezkeela" argudiatuta.

Zigorra ezartzeko Herritarren segurtasunerako 4/2015 Lege Organikoaz baliatu dira, hau da, mozal legea. Lopezek joan den martxoaren 3an txiokatu zituen argazkiak, Naroa Ariznabarreta Eibarren atxilotu zuten unekoak dira. Ariznabarreta 2007an AP-8ko zirkulazioa eteteagatik inputatu zuten. Argia astekariko lantaldeak erabaki du kazetariari ipinitako isuna ordaintzeari uko egitea, azaldu dutenez, "legea erabat injustua iruditzen zaigu, eta ez dugu onartuko informatzeko gure independentzia murriztuko duen araurik".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun