Herri-kontsultak Uribe Kostan

Getxon galdeketa egiteko bide-orria aurkeztuko dute

Iker Rincon Moreno 2017ko urt. 13a, 14:32
Getxoko GEDk egindako ekimen jendetsua, artxiboko irudian.

Getxoko Gure Esku Dago taldea hausnarketa-prozesu batean murgilduta egon da egunotan, udalerriko ezaugarriak aztertzeari begira. Horren ondoren, eta azken urteotan egindako lanaren ostean, Getxon ere Euskal Herriko estatus juridiko-politikoari buruzko galdeketa bat egiteko baldintzak sortzea "posiblea" dela ondorioztatu du. Horretarako, hiru fasetan diseinatuta dagoen bide-orria landu du GEDk.

"Ados", "Ahots" eta "Abost" izenpean egingo dituzte fase horiek. Hala, herritarrei bide orri hori ezagutarazteko, hilaren 23an, 24an, 25ean eta 31n aurkezpenak egingo dituzte udalerriko lau auzotan. Lehenengoa, 23an, Algortan izango da, Villamonte kultur etxean; bigarrena, 24an, Getxon, Geroa ikastolan; 25ean, Itzubaltzeta/Romoko Ibar nagusien etxean; eta 31n, Negurin, Gobelako ikastolan. Ekitaldi guztiak 19:30ean izango dira.

Aurkezpenen bidez, Getxoko herritarren inplikazioaren garrantzia azpimarratu gura dute GEDeko kideek: "Getxon ere herritarren garaia dela azpimarratu nahi dugu".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun