Ibarbengoako aparkalekua beharrezkoa ez dela aldarrikatu dute milaka lagunek

Iker Rincon Moreno 2017ko urt. 25a, 12:30

Mila lagunetik gora mobilizatu ziren zapatuan Ibarbengoako aparkalekuaren kontra. © TOSU BETIRAKO

Mila lagunetik gora mobilizatu ziren joan den zapatuan, hilaren 21ean, Getxoko Ibarbengoako parkingaren kontra. Tosu Betirako taldeak deituta, manifestazioa egin zuten Algortako kaleetatik, "Andra Mari ez ikutu! Ibarbengoako parkingari ez!" lemapean.

Getxon, Andra Mari auzoan, Ibarbengoa metro-geltokiaren ondoan, hiru solairuko aparkalekua eraikitzeko obrak hasiko dira laster. Dragados S.A. eta Geotecnia y Cimientos S.A. (Geocisa) enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteak egingo ditu lanok, 2.991.076,88 euroan (BEZ barik). Enpresa biek 12 hilabete izango dituzte obrak egiteko. Hori dela eta, makina-hondeatzaileak "edozein momentutan" Tosuko landara sar daitezkeela iragarri dute bertan kanpatuta daudenek.

Joan den urtarrilaren 12an ekin zioten hainbat pertsonak erresistentzia-kanpaldiari. Hasiera batean aste biko egitaraua prestatuta zuten; halere, bertan jarraitzeko beste hainbat eguneko egitaraua antolatu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun