Gune autogestionatuak hainbat eraso pairatu ditu azken hilabeteotan; azkena joan den astean jazo zen. Oraingo honetan, eraikinaren ondoko kontainerra apurtu eta Algortako hainbat eragilek bertan gordeta zuten materiala lapurtu dute ezezagunek. Ostutako materialen artean daude: Indabada antolatzeko beharrezko lapikoak, sukaldatzeko suak, ortuan erabiltzen den eskokatzeko makina, sorgailua, Gazte Borraste elektrotxarangaren ekipo osoa, kontzertuetarako erabiltzen den materiala (mikrofonoa, kableak eta fokoak) eta Algortako Jai Batzordearen musika ekipoa, besteak beste. Horren denaren balorazioa 3.000 eurokoa dela kalkulatu dute gazte mugimenduko kideek.
"Mingarria izateaz gain, oso larria iruditzen zaigu gertatutakoa. Inongo irabazi asmorik gabe eta norberaren buruaren gainetik herri osorako eskaintza politiko-kultural bat burutzen duen eragile bati lapurtzea, herriari lapurtzea da", deitoratu dute.
Gazteen arabera, azken hilabeteotan jasandako erasoen, txosnetan jazotako lapurreten eta herri mugimenduaren zilegitasuna kentzeko adierazpenen ostean, gaztetxeak jasandako azken erasoak inflexio puntu bat markatzen du. Horren harira, jakinarazi dute mota horretako erasoak ez direla doakoak izango eta "eraldaketa sozialaren alde" lanean jarraituko dutela iragarri dute.