Herri-kontsultak Uribe Kostan

Azaroaren 5eko herri-galdeketan parte hartzera eta “Bai” bozkatzera deitu du Getxoko ezker abertzaleak

Iker Rincon Moreno 2017ko aza. 1a, 13:10

Agerraldia egin zuten atzo Getxoko ezker abertzaleko hainbat kidek.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko herri-galdeketa egingo du azaroaren 5ean Gure Esku Dagok Bizkaiko eta Gipuzkoako 13 herritan. Horietako bat Getxo izango da; hori dela eta, ekimen horretan parte hartzeko deitu du Getxoko ezker abertzaleak. Atzo Algortan egindako agerraldian, "euskal errepublika euskaldun, sozialista eta feminista batekin amesten duen orori" baietzaren alde egiteko deia egin zuten 60 gizon-emakume inguruk.

Ezker abertzaleak bidalitako bideoa:

Getxoko ezker abertzalearen oharra:

Guk, hemen elkarturiko Ezker Abertzaleko kideok, dei egiten diogu euskal errepublika euskaldun, sozialista eta feminista batekin amesten duen orori Getxon azaroaren 5ean antolatu den herri kontsultan BAIetzaren alde bozkatzeko.

Ezin ageriagoan geratu da Katalunian espainiar estatua ataka historikoan dagoela. “Todo atado y bien atado” utzi zuten 78an, baina korapiloa askatzear dago. Kontua da noren alde askatuko ote den. Epe motz eta ertainean eman litezkeen gertakizun handien aurrean gaude; guk nahiko genituzkeen aldaketa
kualitatiboak ez dira berez etorriko, posible egin beharko ditugu.

Argi daukagu frankismoaren oinordeko den sistema honetan ez dagoela erdibideko irtenbideetarako aukerarik. Beraz, ekimen politikoa tentu handiz joan beharko dugu zabaltzen hemen Euskal Herrian jarrera autonomista eta paktistak jokalekurik gabe utzi eta aliantza berriak ehundu aldera. Eta hau lortzeko modu eraginkorrena herria ahaldundu eta hitza ematea da. Eliteen arteko akordioen gainetik, herri borondatea gailentzea ezinbesteko izango da, herriak bere kabuz eta aske erabakitzea.

Gure ustez, herri honek askatasuna eskuratuko badu, independentziarekin izango da, eta guri dagokigu egun erabakitze eskubidearen alde dagoen gehiengoa posizio hauetara mugitzea. Hori da esaten genuena “hautabide independentista” aipatzen genuenean.

Getxori dagokionean, baina, gehiengoak batu eta erabakitze eskubidearen inguruko eztabaidak kaleak hartzeko unean gaude, mugimendu honen harrotasuna lantzeko unean, gerora esparru soziopolitiko transbertsal hau konfrontazio demokratikoaren eta estatuaren aldeko terminoetara eraman ahal
izateko. Eta azken hau, beste batzuen artean, gure lana izango da. Beraz, arduraz jokatzea eta parte-hartzea ahalik eta handiena izan dadin lan egitea dagokigu Ezker Abertzaleko kideoi, bozka emanez, ekimenetan parte hartuz, mahaietan egoteko bolondres bezala aurkeztuz eta gure ingurua erronka honen garrantziaz kontzientziaraziz.

Euskal estatura eramango gaituen gehiengo horren osaketaren lehen pausoetan murgildurik gaude, eta zerumuga urruti ikusten badugu ere, ezin dugu estropezu egin, hasieran perspektiba galtzeak gure helburuak lortzeko aukera galtzea ekarriko bailuke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun