Getxoko Ormatza inguruan etxebizitzak eraikitzeko akordioa lortu dute Gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) eta PPk. Udal-iturriek iragarri dutenez, horri esker, babes ofizialeko 116 etxebizitza eraikiko dituzte bertan, baita 147 etxebizitza libre ere.
Horren harira, EH Bilduk deitoratu du babes ofizialekoak eta tasatuak libreak baino "askoz gutxiago" izango direla: "Merkatu librearen esku etxebizitzak uztea da EAJ-PSE eta PPrentzat etxebizitza arazoari irtenbidea emateko modua".
Koalizio abertzaleak uste du orain arte jasotako emaitza "berdina" ematen jarraituko duela irtenbide horrek: "gazteek Getxotik ihes egiten jarraituko dute, Getxoko jendartea zaharkitzen jarraituko da eta etxebizitza beti egin duten bezala luxu eta pribilegio bat izaten jarraituko du, eskubide subjektiboa izan beharrean".
Bitartean, "negozio eta espekulazio asmoakaz" udalerrian gelditzen diren berdeguneak "kondenatzen" jarraituko dutela salatu du EH Bilduk. Etxebizitza arazoari aurre egiteko eraikitzea beharrezkoa ez dela aldarrikatu du koalizio abertzaleak, horren ordez politika integral bat egitea aldarrikatu dute, "neurri ezberdinen bidez merkatu librea baldintzatzeko eta getxoztarren oinarrizko eskubidea defendatzeko".