Euskararen Nazioarteko Eguna

Aixerrota Boleibol Kirol Taldea: "Euskararen aldeko partida denon artean irabazi behar dugu"

Iker Rincon Moreno 2017ko abe. 1a, 12:24

Aixerrota Boleibol Kirol Taldeko hainbat jokalarik jaso dute Argia Ereiten Euskara Saria. © GETXOKO UDALA

Argia Ereiten Euskara saria jaso zuen atzo arrastian Getxo Aixerrota Boleibol Kirol Taldeak, bere kirol jardueran euskara sustatzeagatik. Ekitaldia Algortako Fadurako kiroldegiko batzar aretoan izan zen, lagun, senide eta jende ugariren partaidetzagaz. Aurten, saria Ibon Garagartza artista gazteak egindako ikurra izan da, forma paraleloz osatutako eskultura.

Getxo Aixerrota Boleibol Kirol Taldearen izenean, Alberto Olalde presidenteak eta Maider Santxo jokalari eta entrenatzaileak jaso zuten saria.  Pozik eta eskerrak eman ondoren, hurrengoa adierazi zuten: "tantoz tanto jokatzen ditugu partidak, tantaz tanta izerditzen dugu kamiseta eta tantoz, tantaz eta tinkotasunez defendatuko dugu euskal boleibola eta euskal kirola. Jarrai dezagun euskararen argia ereiten, nork bere arloan, nork bere zelaian, nork bere kantxan, euskararen aldeko partida denon artean irabazi behar dugulako" 

Imanol Landa Getxoko alkateak kirol taldea zoriondu zuen eta gehitu zuen aurtengo sariak ederto erakusten duela euskararen zeharkakotasuna, emakumeek egindako kirola saritzen delako eta kirolari horiek gazteak direlako, "horregatik nire poza hirukoitza. Aixerrota taldea saritzeak jatorriz ekintza osasuntsu eta pozgarri bat saritzea da eta euskarak horrelakoak behar ditu, berez satisfazioa eskaintzen duten jarrerak euskararekin lotu behar ditugu eta zer hobea kirola baino". 

Alkateak Getxo Kirolakek euskara eta kirola uztartzeko egiten duen esfortzua gogoratu ondoren, herritarrak gonbidatu zituen datorren domekan, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Areetan ospatuko den ekitaldian parte hartzera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun