Urduñan 2013an egin zen Gazte Danbada jaialdiaren harira, 2015ean epaitu zuten Mikel Moreno algortarra, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Beragaz batera, Iraitz Salegi Topatu.info-ko kazetaria eta Ernaiko gazte erakundeko beste sei kide deklaratu behar izan zuten. Terrorismoari gorazarre egitea egotzita, 18 eta 24 hilabete arteko espetxe zigor bana eskatu zuten Fiskaltzak eta AVTren akusazio partikularrak; hala ere, den-denak absolbitu egin zituzten.
Epaiketa egunaren aurretik, Gasteizko Herri Harresian hiru gazte espetxeratu zituzten. Kartzelatze horiek eta "gazteriaren kriminalizazioa" salatzeko, epaiketaren egunean bertan, auzipetutako zazpi gazteek epaiketa eten zuten, espetxeratuen argazkiak soinean zituztela.
Gazteek herri harresia irudikatu zuten, publikoaren babesagaz. Horrela, auzipetuak altxatu eta "euskal gazteria aurrera" oihukatu zuten, besteak beste. Elkartasuna adieraztera joandakoek ere altxatu eta oihuka eta txaloka hasi ziren. Horren ondorioz, Angela Murillo epailearen aginduz, bertan ziren guztiak identifikatu zituzten; guztira, 50 lagun.
Hiru urteren ostean, Alcala de Henareseko epaitegietan epaituko dituzte denak. Bihar, urtarrilaren 9an hasiko da epaiketa eta 15ean amaitzea espero dute. Gizon-emakume bakoitzari bost hilabeteko espetxe zigorra eskatzen diote.