Azaldu dutenez, Euskal Trenbide Sareak Viviendas de Vizcayaren 5. finkaren azalera gehigarri bat aldi baterako okupatzeko eskaera egin zuen joan den urriaren 26an, "obren beharrizanak direla eta"; hala, hurrengo egunean, Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendariak aldi baterako okupaziorako azalera gehitzearen aldeko ebazpena eman zuen.
Aldi baterako okupatutako azalera gehigarri hori nahitaezko desjabetzarako geroko ekintzetan eta izapideetan sartu zuten, eta hala jakinarazi zioten Viviendas de Vizcaya S.A. enpresari.
Arduradunek jakinarazi dutenez, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren trenbide-azpiegiturako lanak gauzatzeko nahitaezko desjabetze-prozeduren izapideak egiteko eta ebazpena emateko eskumena dauka Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendariak. Bestalde, nahitaezko desjabetzeari buruzko legearen 15. artikuluak beste aukera bat ere ezartzen duela azaldu dute: "nahitaez okupatu beharreko ondasunen artean sartzea obra handitzeko edo dagokion helburua betetzeko ezinbestekotzat jotzen direnak".
Balizko akordio horren inguruan galdetu zion Mikel Otero Gabirondo EH Bilduko legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzari joan den abenduan. Ekonomia Garapena eta Azpiegituretako Sailburuari egin zion errekerimendua, Jaurlaritzaren eta Viviendas de Vizcaya S.A. enpresaren arteko akordioa zein izan den jakiteko. Izan ere, enpresa horrek Tosu landan duen partzela osora zabaldu zuen aparkalekua eraikitzeko obra eremua. Hala, akordioaren baldintzak zeintzuk izan diren ere galdetu zion legebiltzarkideak Jaurlaritzari.