Tosu Betirako mugimenduko kideek ohar baten bidez jakinarazi dutenez, langileen asmoa da ekologistek landa berreskuratu zutenean eraikitako etxola ere botatzea. Ekintzaileek jakinarazi zieten beharginei azpiegitura horretan pertsona bat bizitzen dagoela. Hala ere, handik gutxira Udaltzaingoa bertaratu zen bertan bizi denagatik galdezka. Segituan, notifikazio bat eman zioten errolda-eskaera baliogabetuta zegoela esanez, Tosu landan etxolarik ez dagoela argudiatuta. Ekologistek hori dena "faltsua" dela salatu dute, "notifikazioaren eta obren hasieraren arteko koordinazioak akatsa nahita eginda izan dela pentsatzera eramaten gaitu". Hori dela eta, Gobernu-taldearen jokaeran "prebarikazio zantzuak" daudela deitoratu du Tosu Betirako mugimenduak.
Joan den urriaren 21etik geldirik daude Getxoko Ibarbengoako aparkalekua eraikitzeko obrak. Bertan zegoen erresistentzia-kanpaldia hustu zuen Ertzaintzak urriaren 17an, baina lau egun beranduago ekintzaileak Tosu landara sartu ziren berriro. Une horretan, obra-eremutik kanpoko lursail pribatu bat okupatu zuten, eta horren ondorioz, Ertzaintzak ezin izan ditu oraindino horiek kanporatu, proiektuak hartzen duen lekutik kanpo daudelako. Hala ere, obrak berrabiarazteko helburua du Eusko Jaurlaritzak; horretarako, obra-eremua inguratzeko segurtasun-hesi berri bat jarriko du bertan, "aurrekoak baino garantia gehiago izango dituena".