Tosu Betirako mugimenduko komunikatua, osorik:
Lau hilabete luze pasa dira Tosu lehenengo aldiz bortizki desalojatu zutenetik. Lau hilabete luze hauetan denetarik gauzatu dugu. Herriak Ibarbengoako parkingari aurkakotasuna adierazi zion obrak geldituz eta landa berrokupatuz. Baina udal gobernuak, EAJk eta Imanol Landa alkateak bakarrik diruaren hotsari men egiten diote herritarron nahien kontra. Herritarron nahi hauei errepresioarekin bakarrik erantzuten dakite urtarrilaren 26an ikusi zen bezala, hiru lagun epaitu zituzten Tosuren defentsan jarduteagatik, eta hau hasiera besterik ez da.
Gaur egun obrak aurrera doaz, legearen arabera beharrezkoa den ingurugiro inpaktu txostenik gabe, noski, lur-azpian dauden akuifero galtzea ez baitzaie inporta udaletxean dauden agintariei. Dagoeneko landa osoa berriro hesitu dute bertan bizi zen laguna kanporatuz trikimailu zikinen bitartez eta herritarrei bidea galaraziz. Honetaz aparte, obrak bertoko auzokideei arazo ugari eragin dizkiete: Zarata, bideen mozketak (baimenik gabe), etxeek eduki dituzten hondamenak eta arrakalak, etab. Lehen komunean kudeatzen ziren lurrak, orain, gehiago aberastuko den Florentino Perezen zerbitzura daude. Horixe baita, herritarron nahia udaletxearen esanetan.
Betidanik salatu dugu Ibarbengoako parkinga ez dela eraikuntza normal bat, Getxoren azken gune berdea urbanizatzeko aitzakia besterik ez da eta hori garbi ikusten da eman dituzten azkeneko pausuekin. Trenbidearen beste aldean dauden baserri batzuen eraispena dagoeneko planifikatuta dago. Imanolek bakarrik daki espekulazioaren eta txikizioaren hurrengo pausua zein den, agian beharrezkoa ez den parke industrial berri bat edo hutsik geratuko diren etxebizitza gehiago.
Baina ez dugu amorerik emango, borrokan jarraituko dugu alternatiba berriak sortuz, udaletxeak inposatu nahi digun proiektuak salatuz eta hauek geldiarazten. Argi utziz beraien poltsikoen gainetik herri guzti baten indarra eta nahia dagoela.
Borrokak darrai eta irabaztera goaz!