Borrokan segituko dutela adierazi dute Sport Studio enpresako monitoreek

Iker Rincon Moreno 2018ko api. 19a, 14:25
Algortako erdigunean zumba saioa egin zuten atzo Sport Studioko monitoreek. © SPORT STUDIO GETXO BORROKAN

Getxo Kirolakeko Zuzendaritza Batzordeak Sport Studio enpresa esleipendunari kontratua luzatzeko proposamena atzera botatzea langileen artean "presioa egiteko" bidea dela salatu du langileen ordezkari sindikalak. Hala ere, jakinarazi du "indartsu" daudela eta borrokan segituko dutela, egoera konpontzeko ahaleginean.

Zentroko lan-hitzarmena lortzeko eta gutxieneko lan-baldintza duinak bermatzeko hiru eguneko greba egin dute egunotan Getxo Kirolak udal-erakundeak azpikontratatutako Sport Studioko monitoreek. Egoera horren aurrean, esleipendutako enpresari kontratua luzatzeko proposamena atzera botatzea erabaki du Getxo Kirolakeko Zuzendaritza Batzordeak. Gobernu-taldeak (EAJ eta PSE) aurkeztu zuen proposamena, baina bozketan abstenitu egin zen, gainerako udal-talde denak bezala, GUK Getxo izan ezik, kontrako botoa eman baitzuen, langileen baldintza txarrak mantentzen dituen luzapenagaz ados ez daudelakoan. PSEk eta PPk udal-talde horren erabakia salatu dute, modu horretan apirilaren 28an 1. lotearen (tenis eta padel) eta 2. lotearen (igeriketa) kontratuak amaitutzat emango direlako.EH Bilduk, bere aldetik, Gobernu-taldearen "jokaldi zikina" deitoratu du: "Oposizioari egotzi gura dio orain egoera berri hau".

Hala, egunotan monitoreen eta enpresa esleipendunaren artean akordiorik egon ezean, kontratua apirilaren 28an amaitutzat emango du Udalak. Monitoreen ordezkari sindikalak jakinarazi duenez, lote bi horietan 30 lagun inguruk egiten du lan eta kalean geldituko dira kontratuaren amaiera horregaz, baita milaka lagun ere ikastaro horiek amaitzeko aukera barik. Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabaki hori langileen artean "presioa egiteko" bidea dela salatu du ordezkari sindikalak.Hala ere, jakinarazi du "indartsu" daudela eta borrokan segituko dutela, egoera konpontzeko ahaleginean.

Egoera horren aurrean, Alvaro Gonzalez Getxo Kirolakeko lehendakariak eta Kirol zinegotziak adierazi du bitartekaritza-lanak egiten saiatu eta negoziazio-mahaian "adostasunera iristeko borondatearekin" esertzeko eskatu arren, greba-egunek "kalte handia" eragin dietela erabiltzaileei eta erakundeari berari. "Hori dela eta, kontratua baldintza horietan luzatzea ardura gutxirekin jokatzea litzateke", adierazi du Gonzalezek. Honenbestez, Getxo Kirolakeko kirol-eskaintza koordinatzen duen taldea harremanetan jarriko da erabiltzaileakaz, onartutako erabakiaren berri emateko eta kontratatutako enpresako langileek ematen dituzten ikastaroak amaitu egingo direla adierazteko. Modu berean, Getxo Kirolakek maiatzetik aurrera ez ditu egoera horrek hartzen dituen ikastaroen ordainagiriak igorriko. Azpikontratatutako gainerako hiru loteetako ikastaroak (indoor, arte-martzialak eta yoga), aldiz, mantendu egingo dira, horien denen kontratuak irailean amaitzen direlako, monitoreek iragarri dutenez.

Hiru egunetako greba

Sport Studioko monitoreen lan-uzteak hilaren 12an, 17an eta 18an izan dira. Langileek jakinarazi dutenez, lan egindako orduak "soilik" ordaintzen dizkiete, eskolak prestatzeko ematen duten denbora eta oporrak kontuan hartu gabe. Modu berean, deitoratu dute hamabi urte daroatzatela soldataren inolako berrikuspenik izan gabe.

Aurreikusitako azkenengo mobilizazioa egin zuten atzo, eguaztenean, Algortako Telletxe plazan. 17:00etan jarri zuten hitzordua, bertara hurbilduko ziren denak zumba saio batean dantzan jartzeko. Eta halaxe egin zuten; jende asko bertaratu zen ingurura, grebalariei elkartasuna adierazteko. Gainera, euren egoeraren berri emateko eta euren baldintzak betetzea eskatzeko 2.000 sinaduratik gora batu zituzten saio horretan.

Horren ondoren, enpresagaz bildu ziren alde bien ikuspuntuak ikusteko eta akordio batera ailegatzeko ahaleginean, langileen ordezkari sindikalak jakinarazi duenaren arabera.

Monitoreen lanpostuak bermatzea exijitu dio EH Bilduk Getxo Kirolaki

Kirol-monitoreen lanpostuak bermatu ditzala eta horretarako beharrezkoak diren neurriak hartu ditzala eskatu dio EH Bilduk Getxo Kirolaki eta Gobernu-taldea osatzen duten EAJ-PSEri.

"Behin baino gehiagotan salatu izan dugu zerbitzu publikoak enpresa pribatuen bidez kudeatzeak prekarietatea  eta langileen babes falta dakarrela, eta azken gertakariek hala baieztatzen dute. Getxo Kirolaken lanean diharduten kirol monitoreen lan baldintzen gaineko erantzukizuna Getxo Kirolakena da eta udal-gobernuak hamarnaka lagunen lanpostuak arriskuan jarri zituen langileen negoziazio kolektiborako eskubidea urratuz", salatu du koalizio abertzaleak.

Era berean, Getxo Kirolaken Zuzendaritza Batzordean Alvaro Gonzalezek izandako jarrera salatu du koalizio abertzaleak: "gezurretan aritu zen EH Bilduk egindako galderari erantzutean. Hots, ikastaroekin zer gertatuko zen ez zekiela erantzun zuenean eta handik ordu betera komunikabideen aurrean iragarri zuenean ikastaroak bertan behera geratuko zirela". Era berean komunikabideei "gezurra esan" ziela deitoratu du, "erantzukizunagatik hala jardun zutela esan zienean". Gaineratu duenez: "Hala izan balitz kontratua luzatzeko proposamenaren kontra bozkatuko zuten, eta ez zuten horrelakorik egin, abstenitu egin baitziren eurak kontratua luzatzeko eramandako proposamenaren aurrean, euren erantzukizuna oposizioko gainerako alderdien bizkarrean utzi nahian".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun