Itxialdia abiatu dute Itzubaltzetako nagusien etxeko kideek

Iker Rincon Moreno 2018ko mai. 17a, 14:14
Nagusien etxea lekualdatzearen kontrako protesta abiatu dute Itzubaltzeta/Romoko nagusiek.

Helburua da nagusien etxea Lope de Vega kaleko eraikinean mantentzea, Romo Kultur Etxera lekualdatu barik, Getxoko Udalak gura duenaren kontra.

Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kaleko 12 zenbakian dagoen eraikinean itxialdia abiatu zuten bart Ibar Nagusien Etxea elkarteko kideek. Diotenez, "pertsona nagusiok argi dugu gure eskubideen eta beharren alde borroka egingo dugula". Hori dela eta, elkarteko bazkide, herritar, auzokide, elkarte, alderdi eta sindikatuei eraikinaren alde borrokatzeko deia egin diete. Horretarako, itxialdian bertan parte hartu daitekeela iragarri dute, baita gaur arrastian egingo den elkarretaratzean ere. Protestaldia 19:00etan abiatuko dute, nagusien etxearen aurrean. Datorren maiatzaren 25ean ere manifestazioa egingo dutela iragarri dute nagusiek.

Nagusien etxean eskaintzen diren zerbitzu denak Romo Kultur Etxera lekualdatu gura ditu Getxoko Gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE). Datuen arabera, gaur egungo eraikinak 1.600 metro koadro eskaintzen die nagusiei, baita lorategi bat ere. Romo Kultur Etxean egokitu gura duten gunea, aldiz, 350 metro koadrokoa da eta hirugarren solairuan dago.

Itxialdia abiatu dutenek, baita beste hainbat auzokidek ere, salatu dute lekualdatze horren atzean "interes urbanistiko" bat dagoela, besteak beste. Izan ere, nagusien etxea eta kultur etxe zaharra hartzen dituen eraikina eraitsi ostean, hainbat etxebizitza eraiki gura ditu Udalak.

Bere aldetik, Getxoko Udalak azaldu du zentroa itxi artean nagusiek erabili ahal izango dutela eraikinaren beheko solairua euren aktibitateak egiteko. Dena dela, udal-arduradunek iragarri dutenez, barikutik, hilaren 18tik, aurrera, gizon eta emakumezkoen ile-apaindegia, masajista eta podologia ekipamendu berriak eta billar-aretoa Romo Kultur Etxean egongo dira. Gimnasio-zerbitzua, aldiz, hilaren 28an hartuko du azpiegitura berriak. Hala, horrek suposatuko du Lope de Vega kaleko eraikinean itxi egingo direla zerbitzu horiek, "kudeaketa eraginkorraren logikari jarraituz, ez delako aurreikusten zerbitzuak bikoiztea", Udalak azaldu duenez. "Egun dauden baliabideak aprobetxatzeko ere, aipatutako zerbitzuetan erabiltzen zirenak udal-erresidentziara eramango dira, bertan erabil ditzaten", gaineratu dute arduradunek.

Elkartasuna nagusiei

Itxialdia abiatu dutenei elkartasuna adierazi diete udalerriko askotariko elkartek eta alderdik. Besteak beste, Itzubaltzetako Matraka gazte asanbladak bere "elkartasun osoa" erakutsi gura diete auzoko nagusiei. Gazteek diotenez, ezinezkoa da Romo Kultur Etxea nagusiek behar duten erabilerara moldatzea: "Gobernu-taldeak bizkarra eman dio bazkide eta auzokideen nahiei, ez ikusia eginez hauek aurkeztutako txostenei, zeinetan gela berrien eta eraikinaren kalitate txarra eta auzoaren ondare arkitektonikoa azaltzen den".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun