Funtzio anitzeko ekipamendu berria egingo dute Fadura garagardotegi zaharrean

Iker Rincon Moreno 2018ko abe. 3a, 14:29
Fadurako garagardotegia. © GETXOKO UDALA

Algortako Fadura garagardotegi zaharraren eraikina botatzeari ekin dio gaur Getxo Kirolak erakundeak. Beharrak hasi dira Uraren Euskal Agentziaren (URA) oniritzia jaso ondoren, eta bi asteko epean amaituko dira.

Lehenengo esku-hartzearen ondoren, ekipamendu berri bat eraikitzeko lanei ekingo diete, eraikin zaharraren zereginak lehengoratu eta erabilera berriak gehitu ahal izateko, "Thinking Fadura" izeneko prozesuaren lehenengo fasean, partaidetzaren bidez, erabaki zen bezala.

Higiezinaren barrualdean zein egituran kalte handiak sortu zituen 2016ko sutearen ondoren, Getxo Kirolak-ek hobetutako ekipamendu batean bihurtzeko erronka planteatu zuen eta, horretarako, aurretik erabiltzen zuten kirol-klubei eta elkarteei haren diseinuari buruzko gogoeta egitera gonbidatu zien, baita gizarte eta kultur izaerako entitate desberdinei ere. Alvaro González Getxoko Kirol zinegotziak gogoratu duen bezala, "gogoeta kolektiborako prozesuak lau hilabete iraun zuen eta aurreproiektu bat adosteko balio izan zuen, eraikin zaharra erabiltzen zuten entitate guztien premiei aurre egin eta etorkizunera begira premia berriak atzeman ahal izateko. Baina, urak gainezka egin dezakeen zona batean kokatuta dagoenez, baldintzatzaile ugari daude, teknikoak eta hirigintza araudiari dagozkionak, bete beharrekoak; eta horregatik, ezin izan dugu aurrera egin lanekin nahi izan dugun erritmoan".

Garagardotegi berria

Diseinu berriak Fadurarako erreferentziazko gune bihurtuko du garagardotegi zaharra, etorkizuneko kirol parke irekian sartzeko funtsezko puntu batean kokatuta baitago. Aurreproiektuak balio anitzeko ekipamendu bat aurreikusten du, gela desberdinakaz, non erabilera desberdinak garatu ahal izango diren aldi berean eta biltegiratzeko lanak gauzatu ahal izango diren; gelak ez ezik, komunak eta sukaldaritza-gune bat ere izango dira bertan.

Aurreproiektuak, gainera, bigarren solairu partzial bat gehitzeko aukera jasotzen du eta, gerora hura handitzea ere aurreikusten du, hainbat jarduera, osagarrizkoak eta iraunkorragoak, barne hartzeko: enpresa-mintegia, lana partekatzeko gunea, prestakuntzarako gelak eta abar. Garagardotegian erabiltzen ez zen lursaila irekiko da plaza publiko bat sortzeko, eta zuhaitzak eta ahalik eta begetazio gehiena kontserbatuko da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun