Amaia Agirre Getxoko EAJko alkategaiak "haztea" kontzeptua azpimarratu du bere hauteskunde-programako gako gisa. Hala, Getxo "hiri segurua, irisgarria, ingurugiroarekiko adeitsua eta kulturaren eta kirolaren abangoardiakoa bihurtzen lagunduko duen hazkunde jasangarriaren eredua" defendatu du Agirrek. Zentzu horretan, Getxo "kirola egiteko Bizkaiko Badiako hiririk onena" bihurtzeko helburua nabarmendu du.
"Getxok mugiarazten gaitu" lelopean, EAJk bere hauteskunde-programan jasotako 10 konpromisoak eta 180 ekintza zehatzak defendatu ditu: "Programa hori Getxo ilusionagarri bat eta hazteko, bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko udalerririk onenetariko bat bihurtuko duen proiektuaren bitartez gauzatzen da".
"Thinking Fadura" egitasmoa
"Haztea" kontzeptuari helduta, "Thinking Fadura" proiektu parte-hartzailea azpimarratu du alkategai jeltzaleak; hau da, Fadura sarbide publikoko kirol-parke bat eta Getxo Kirolaken harpidetuta daudenentzako kirol-instalazioak bateratuko dituen herritarrentzako espazio ireki berri bihurtzeko proiektua, EAJk zehaztu duenez.
Proiektu horrek hainbat ekintza zehatz abiaraztea aurreikusten du, besteak beste: padelean eta tenisean aritzeko instalazio estali berriak sortzea; frontoien eraikinaren egiturazko errehabilitazio integrala egitea; igerilekuen eraikineko irisgarritasuna eta erosotasuna hobetzea; 6.000 eserleku izango dituen errugbirako eta futbolerako udal-estadio berria eraikitzea; atletismo-entrenamenduetarako espazio berria sortzea; gaur egun errugbirako, hockeyrako eta belodromorako dauden harmailak birmoldatzea eta Fadurarako instalazioetarako sarbide seguruagoa eta errazagoa ezartzea.
Gainera, Agirrek jakinarazi du Fadurako erretegi zaharra gizarte-, kirol- eta berrikuntza-polo bihurtzera bideratuta egongo dela. Horri denari Gobela ibaiaren inguruko parke publikoa gehitu diote jeltzaleek, "yoga, tai xia, kalistenia eta petanka praktikatzeko eta haurrek jolasteko eremuak izango dituena".
Bestalde, gaur egungoari gehituko zaion "bidegorri-sare bat" sortzearen aldeko apustua egin du Agirrek: "gure seme-alabek kirola eginez Getxo punta batetik bestera zeharkatzeko aukera izan dezaten, segurtasun osoz".
Hauteskunde-programa parte-hartzailea
Getxoko EAJk jakinarazi duenaren arabera, 100 pertsonatik goraren ekarpenak jaso ditu udalerrirako hauteskunde-programak. "Azken sei hilabeteotan, Areeta, Romo, Algorta, Neguri eta Getxo-Andra Mari auzoetako herritarrek osatutako lantaldeekin bildu da Getxoko alkategai Amaia Agirre Muñoa. Lantalde horietan auzo bakoitzaren egoera aztertu dute, eta besteak beste, honako gai hauek jorratu eta sakondu dituzte: hiriaren diseinua, garapen ekonomikoa, gizarte-kohesioa, bizikidetza eta aisialdia", azaldu dute jeltzaleek.