Virginia Diaz, Europako txapeldun absolutua

Erredakzioa 2019ko eka. 5a, 17:01

Virginia Diaz, artxiboko irudian. RASPAS ARRAUN ELKARTEA

Virginia Diaz Areetako Raspas Arraun Elkarteko kidea arraunketa olinpiarreko Europako txapelduna da, Náutic Amposta klubeko Aina Cid arraunlariagaz batera, lemazain gabeko biko (2-) modalitateko Europako Txapelketa Absolutua irabazi ondoren. Bihar, eguenean, ondo-etorria egingo diote kirolariari Getxoko Udaleko ordezkariek.

Europako lehiaketaren finala Luzernan (Suitza) jokatu zuten iragan den domekan, hilaren 2an. Espainiako selekzioagaz parte hartu zuten Virginia Diaz getxoztarrak eta Aina Cid katalanak, eta Tokio 2020ko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko urrats bat gehiago eman dute biek.

Raspas taldeko Ondiz Lekubarrik ere emaitza ona lortu zuen skiffean (1x) zortzigarren postua lortu ostean pisu arineko kategorian. Bere lehenengo aldia izan da Europako lehiaketa batean parte hartzen duena.

Bestalde, Raspas Arraunekoek emaitza paregabeak lortu zituzten zapatuan Legutioko pantanoan jokatutako Bizkaiko Lehiaketan. Denera, 11 domina eskuratu zituzten: urrezko 6, zilarrezko 3 eta brontzezko 2.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun